Athletic

Iritsi da garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko abe. 14a, 13:09

Athletic garaipenaren bidera itzuli zen Oviedo Moderno 3-0 menderatu ostean. Oviedo Modernok ondo eutsi zuen lehen zatian, baina bigarren zatian bizkaitarren gol zaparrada iritsi zen; Erika Vazquez, Yulema Corres eta Arrate Oruetaren (penaltiz) bitartez. Hiru puntu hauekin, zuri-gorriak postu bat igo eta hirugarrenean kokatzen dira -Atletico Madrilek ez baitu huts egin Espanyolen aurka (1-0)-.

Aukera aunitz ikusteko parada izan zuten Lezamara bertaratutakoek. Baina markagailuari mugitzea kosta zitzaion. Nekanek eduki zuen lehen aukera, Ibarraren erdiraketa gutxigatik kanpora errematatuz. Lizasok ere ezin izan zuen atera bideratu bere burukada. Asturiarrak arrisku gehiegirik gabe hurbildu ziren, hala ere Ane Otxoa adi ibili zen Brandiren baselinari erantzun ona emanez. Lehen zatiko aukerarik onena Erika Vazquezek izan zuen. Athleticek baloi on bat lapurtu zuen zelai erdian eta aurrelari nafarra Rosanaren aurrean bakar-bakarrik geratu zen. Jokaldiari amaiera kaskarra eman zion, ostera. Lehen zatiaren bukaeran jokoz kanpoagatik baliogabetu ziren gol bana egin zuten bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Irune Muruaren lesioa etorri zen eta bere ordez Yulema Corres zelairatu zuen Fuentesek. Aldaketak emaitza ona ekarri zion entrenatzaile donostiarrari. Hala ere, Mery izan zen lehena arriskua egiten, bere burukada langatik hurbil joan zelarik. Kontraerasoa erabili zuen talde bizkaitarrak lehen gola egiteko. Ibarrak pase ona bidali zion Corresi eta honek, atezainaren aurrean, Erikari eskaini zion baloia. Nafarrak, zailtasuna handirik gabe, lehen gola egin zuen. Hortik gutxira, Yulema Corresek ederki baliatu zuen Erika eta Rosanaren arteko jauziaren ondorioz, jaberik gabe gelditutako baloia.

Athletic ez zen ase eta erasoan jarraitu zuen. Horren ondorioz, Rosanak penaltia egin zion Erikari. Orueta arduratu zen penaltia jaurtitzeaz, eta hala, hirugarren gola egin zuen bizkaitarrak. 3-0ekoarekin Irisek txartel gorria ikusi eta bere taldea hamar jokalarirekin utzi zuen. Bat gutxiagorekin, baina, aukerarik onena egiteko gai izan ziren asturiarrak. Isinaren jaurtiketa, Ane Otxoak ukitu ondoren, langara joan zen.

Bi porrot jarraian jasan ondoren, golak iristearekin batera garaipena ere itzuli da Athleticen bidera. Orain, urtarrilaren bigarren asteburura arte, atsedena hartuko du Ligak. 2014 urteko azken partida honetan Athleticeko Lagunarteen Nazioarteko Federakuntzak Erika Vazquez omendu zuen, iazko sasoiko jokalari onena izendatuz.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ane Otxoa; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Arrate Orueta (Joana Arranz, 82. min.), Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Nekane Diez (Ezitizen Merino, 72. min.), Erika Vazquez, Eli Ibarra (Izaskun Leoz, 76. min.); Irune Murua (Yulema Corres, 78. min.).

Oviedo Moderno: Rosana; Iglesias (Isina, 64. min.), Gordi (Carmen, 33. min.), Mery, Migallon; Iris, Julia (Lucia, 68. min.), Yoli (Silvia, 78. min.); Ille, Brandi, Erika.

Golak: 1-0: Erika Vazquez, 54. minutuan; 2-0: Yulema Corres, 64. minutuan; 3-0: Arrate Orueta (penaltiz), 72. minutuan.

Epailea: Gonzalez Guerra. Arrate Orueta jokalari txuri urdin txartel horia ikusi zuen. Bestetik, Iris jokalari asturiarrak txartel gorria ikusi eta kanporatua izan zen.

 

Argazkia: Maria Mentxaka