Euri jasak distira kendu zuen

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko abe. 28a, 12:00

Euskal Selekzioa eta Kataluniak bana berdindu zuten aldarrikapenaz gain euri jasa protagonista izan zen neurketa batean. Partida historikoaren bi golak lehen zatian iritsi ziren. Kataluniarrak aurreratu ziren markagailuan Olga Garciaren golari esker –Marta Unzueren gorputzean jo ondoren-, eta berdinketaren gola María Díaz Cirauquik egin zuen. Bigarren zatian ezinezko suertatu zen joko polita egitea, euriak eragindako putzuak zirela medio.

Negu hotzeko eguraldia bazegoen ere, hainbat zaletu hurbildu ziren Lasesarreko futbol zelaira, 2.500 inguru. Gehiago izan zitezkeen, baina ezin ukatu giro ona sortu ez zenik. Zaletuen txalo zaparrada artean zelairatu ziren bi selekzioetako jokalariak. Neurketa historikoaren argazki bateratua atera eta ereserkia entzun ondoren eman zitzaion hasiera partidari. Sufritzen hasi zuten euskaldunek. Kataluniarrak gehiago kontzentratuta edo, pare bat jokaldi arriskutsu sortu zituzten. Hasieratik erakutsi zuten euren kalitate teknikoa, Natalia Arroyo entrenatzaileak erabilitako planteamendu ausartagatik, agian. Eta goiz, oso goiz iritsi zen beraien gola. Leilaren erdiraketa Olgak ezkerrez errematatu zuen; jada hiru posteren artera zihoan, baina Marta Unzueren gorputzean jo eta baloia zuzenean sareetara joan zen, Jone atezaina despistatuz.

Seigarren minutua besterik ez zen, eta euskaldunen erreakzioa iristen ez bazen kanpokoen gol gehiago ikusteko arriskua zegoen. Euren joko konbinatu hori, euren tiki-taka estiloak arriskua eragiten zuen. Baina, gaitz erdi etxekoak erasoan hasi zirela. Ederki, gainera. Iraiak pase luzea bidali zion Beristaini, bi kataluniarrek irrist egin zutela aprobetxatuz. Getxokoaren erdiraketak, ordea, ez zuen arrisku gehiegirik eragin. Baina euskaldunak, jada, baloiaren jabe egin eta erosoago jokatzen hasi ziren, Lizaso eta Oruetaren gidaritzapean. Hala, erdilari bizkaitarrak pase ederra bidali zuen Ibarraren ezker hegalera, honek pare bat metro aurrera egin eta bere ezker hanka bikainarekin erdiraketa neurtua atera zuen. Eta han zen Cirauqui, bigarren zutoinean, Paula Nicart zentralaren hutsegitea baliatuz, baloia hartu eta jaurtiketa gurutzatuarekin Mariajo menderatzeko. Berdinketaren gola egin zuen nafar txuri urdinak.

Baloia euskaldunena bazen, kataluniarrek kontraerasoan jokatu zuten. Lehenik eta behin, Vicky Losadak bere kalitatea islatu nahi zuen urrutitik eginiko jaurtiketan, Jone Guarrotxena ezustean hartzeko intentzioarekin. Ez zen hala gertatu. Ondoren, Cirauqui eta Beristainek ederki konektatu zuten, lastima getxotarraren erdiraketa luzeegia. Penalti posible bat ere egon zen Kataluniaren arean. Erika arean sartu eta driblatzean lurrera erori zen, Nicartek eginiko faltaren eraginez. Jokoak segi zezan agindu zuen epaileak. Ikuskizunaren ikusgarritasuna handitzen joan zen, bi aldeetan ikus zitezkeen aukeren ondorioz. Alexiak defentsen artetik Corredera bilatu zuen. Tarrasakoa baloiarengana heldu baino segundo batzuk arinago, ordea, Jone Guarrotxenaren oinak iritsi ziren arriskua desbideratzeko.  

Jose Alvarezen gidaritzapean zegoen selekzioaren erantzuna Ibarrak ateratako falta erdiraketan heldu zen, zeina Maite Lizasok buruz, atzeraka, errematatu eta langarekin topatu baitzen. Lehenengo zatiarekin bukatzeko, bi selekzioek jaurtiketa bana egin zuten. Biak ala biak kanpora joan zirelarik. Bata Carol Ferezek egina –erasoan arrisku gehien suertatu zuen jokalaria- eta bestea Eli Ibarraren ezkerkada.

Neurketa politaz ari ziren gozatzen Lasesarrera bertaratutakoak. Baina atsedenaldian hasi zen zaparradak dena zapuztu zuen. Harmailetan, jada, konturatzen hasi ziren zelaiaren egoeraz. Lehen zatian jokalariak txalo zaparrada artean zelairatu baziren, bigarrenean euri jasak hartu zituzten. Euriak eta honek eragindako hainbat putzuk zelaia gaiztotu zuten eta neurketak zuen distira guztia galdu zen. Borroka leku bilakatu zen, lan fisikoa gailendu behar zuten bi taldeek. Horretan, habilena Euskal Selekzioa izan zen, Maite Lizasoren indarra eta esperientzia erreferente izanik.

Baldintza horietan jaurtitzen lehena Naiara Beristain izan zen, eta Rafolsek erantzun ezin hobea eman zion. Hainbat minutuetan euskaldunak nagusi izan ziren. Horren adibide atera zituzten hainbat falta eta erdiraketa. Horietariko batean, Ane Bergarak jaberik gabeko baloia hartu eta Leireri eskaini zion. Jokalari irundarraren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen.  Hurrengo jokaldiaren protagonista ere Leire Baños izan zen. Ibarra bakarrik zegoela ikusi eta berari eskaini zion baloia, honen erdiraketa pozoitsua langa gainetik joan zen. Orduan zelaiaren egoera txarra bazen ere, jokaldi polita sortzeko gai izan ziren etxekoak, Nekaneren zartakoa kanpora joan zelarik.

Kataluniarrak erreakzio gabe geratu ziren. Ez zitzaien joko modu hori komeni, ezin baitzuten agerian utzi euren teknika, beraien arma boteretsuena. Kosta zitzaien konturatzea zelaiak ez zuela beste joko motarik onartzen. Indarra nagusitu behar zen, borroka itzela, ezinezkoa baitzen baloia zelaian irristatzea, putzua arduratzen zen geldiarazteaz. Minutuak aurrera joan ahala baloia aireratzeak ere lan itzela suposatu zuen. Horren eraginez, edozein falta, korner edo erdiraketek arrisku handia sortzen zuten. Jokaldi horiek baliatu zituzten euskaldunek, eta gola hurbil izan zuten. Lehenengo eta behin, Anek errematatu zuen Ibarraren erdiraketa ez zen hiru zutoinen artera joan. Bai, ordea, beranduago Lizasok errematatutakoa –berriro ere azkoitiarrak areara bidalitako baloian-. Rafols adi egon zen burukada geldiarazteko baina baloia zelaian geratu zen, norbaiten zain. Azkenean defentsak, kostata, atera zuen.

Antzerako egoera bat bizi izan zen euskaldunen arean. Kataluniarrak berpiztu zirenean eta falta eta kornerrak aprobetxatzen ahalegindu ziren batean, ezinezko gertatu zen baloia areatik ateratzea. Inpotentzia ederra. Hala nola eta asko sufritu ostean, urrundu zuten arriskua. Dena dela, Cris Cornejo atezainak ez zuen lan handiegirik eduki. Aukera argiena, agian, Leire Bañosek eduki zuen. Ibarrak erdiratu eta erdilari gaztea, area hertzean zela, atera jaurti zuen, gutxigatik kanpora joan zelarik.

Partida bukatzen ari zela, Vicky Losadak baloi ederra bidali zuen aurrera, bere taldekide baten borrokaren esperoan. Baloia penalti puntuan geratu, eta Cristina eta Deboraren arteko talka galanta gertatu zen, biak baloiarengana zihoazelarik. Atezainak eraman zuen golperik gogorrena eta epaileak egin zezakeen onena egin zuen: neurketa bukatutzat eman. Bestalde, lehiaren alderik onena, lesiorik egon ez izana.

Oraindik euripean bi taldeek dominak jaso zituzten. Benetako lana erakutsi zuten jokalariek, meritu ederra eurena. Lehenengo zatian jokatzeko modu bat ikusteko aukera izan zuten zaleek, eta beste bat bigarrenean. Futbola bere osotasunean. Emaitza eta jokoa alde batera utziz, Euskal Selekzioa eta Catalunya aurrez aurre egon zirela konturatzearekin, aurrerapauso txiki bat eman dela ohartuko gara. Emakumezkoen futbola ofizialtasuna aldarrikatuko den asteburu historiko honetan protagonistetako bat izan baita. Ez dadila izan anekdota hutsala.  

Fitxa teknikoa:

Euskal Selekzioa: Jone Guarrotxena (Cris Cornejo, 46. min.); Iraia Iturregi (Ainhoa Vicente, 76. min.), Irene Paredes, Ane Bergara, Marta Unzue (Sandra Ramajo, 71. min.); Maite Lizaso, Arrate Orueta (Leire Baños, 46. min.); Maria Diaz Cirauqui (Nekane Diez, 46. min.), Naiara Beristain (Ainhoa Alvarez, 61. min.), Eli Ibarra; Erika Vazquez (Yulema Corres, 57. min.).

Katalunia: Mariajo Pons (Laura Rafols, 46. min.); Maria Estella (Carla Gomez, 66. min.), Marta Torrejon, Paula Nicart (Paola Soldevila, 69. min.); Laura Gutierrez, Vicky Losada, Leila Ouahabi (Nuria Mendoza, 46. min.), Alexia Putellas (Andrea Pereira, 46. min.), Marta Corredera (Debora Garcia, 46. min.); Olga Garcia, Carol Ferez (Cristina Becerra, 66. min.).

Golak: 0-1: Olga Garcia, 7. minutuan; 1-1: Maria Diaz Cirauqui, 18. minutuan.

Epailea: Carlos Arriola. Paula Nicart jokalari kataluniarra txartel horia ikusi zuen.   

 

Argazkia: Maria Mentxaka