Printzipioz neurketa erraza dirudien arren, bata zein bestearen beharrizan handiak borroka areagotuko du. Bi egoera oso ezberdinetan daude. Bizkaitarrek Ligaren borrokan murgildu nahi dute, izan ere, 2014ko emaitza kaxkarren ondorioz hirugarren postura jaitsi ziren. Hala, Atletico Madrilek aurrea hartu eta bigarren postuan kokatu ziren, Bartzelona lidergoan erosotzearekin batera. Hiru eta bederatzi puntura daude madrildarrak eta kataluniarrak, hurrenez hurren. Puntu gehiegi galdu ditu bidean Juan Luis Fuentesen gidaritzapean dagoen taldeak. Hiru berdinketa eta bi porrotek min handia egin dute, eta nola ez, helburua urrundu egin da. Txapelketa irabaztea ez da samurra izango, baina amore ematea baino hobe urtea garaipenarekin ekitea. Urtea garaipen batekin bukatu bazuten ere, Irune Muruaren lesio larriak, sentsazio onak zapuztu zituen. Urteko lehen neurketa prestatze aldera, puntu-puntuan heltzeko edo, joan zen asteburuan Aretxabaletan jokaturiko Arizmendiko torneoa irabazi zuten, Debagoienako selekzioa (0-8) eta Reala (0-2) menderatzean.
Beste aldetik Sant Gabriel daukagu, jaitsiera postuetan dagoen taldea. Sant Adrià de Besòseko taldeak ez zuen bat ere ondo hasi Liga. Zortzi porrot errenkan jasan zituen. Golak jasotzeko erraztasuna agerian uzten dute estatistikek. Gol gehien jasotzen dituen hirugarren taldea dugu, 32 tantorekin; ia Athleticek sartu dituenak beste (31). Udaran jokalari garrantzitsu askok utzi zuten taldea, joan zen denboraldia bukatu aurretik ekonomia arazoak argia ikusi zutelako. Lehen Mailan jarraitu ahal izateko, taldea birmoldatzea egokitu zitzaien, harrobiari sekulako garrantzia emanez. Zuloan geratuko zela zirudienean, ordea, emaitzak hobetu zituzten, zortzi puntu lortzeraino. Gainera, lorturiko puntuak aurkari zuzenen aurkako lehietan eskuratu zituzten kataluniarrek. Athleticek, bere aldetik, egin ez zuena, bizkaitarrek galduriko puntu asko benetan euren poderioa erakutsi behar zutenean galdu baitzituzten. Hala ere, Toni Camachoren taldea gune zorigaiztokoan dago, salbazioa hiru puntura daukatelarik.
Urtea hanka onarekin hasi ahal izateko arerio gogorra izango dute kataluniarrek, eta gainera erronka handia suposatzen du Athletic garaitzea. Bizkaitarrak beti irabazi dute ‘Sangra’ren aurka, etxean zein kanpoan. Zortzi lehia eta zortzi garaipen Sant Adrià de Besòseko taldea Lehen Mailara igo zenetik, 2010-2011. denboralditik. Hiru puntu historiko eta jaitsiera postuetatik irtetea suposatuko luketenak lortzeko borrokatuko dute bartzelonarrek. Athleticek, ordea, bigarren postua dauka begi artean, madrildarrekin daukaten hiru puntuko distantzia hori murriztea eta era berean Xavi Llorensen taldearengana hurbiltzea.
Bi egoera ezberdin, bi xede ezberdin, baina igandean Joan Gamperren bien interesak berdindu egingo dira, hiru puntuak eskuratzearekin amesten baitute. Lehen itzulia zapore onarekin bukatu eta urtea hanka onarekin hasteko osagai bikaina garaipena.
Argazkia: Maria Mentxaka