Athletic

Liga, gero eta urrunago

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko urt. 19a, 19:51

Argazkia: www.athletic-club.eus

Athletic puntu bakarrarekin konformatu behar izan zen Sporting Huelvaren zelaian, eta sekulako eragina izan du sailkapenean. Berdinketaren gola, gainera, azken minutuan heldu zen Irene Paredesen errematearekin. Bizkaitarrak Erikaren bidez aurreratu baziren ere, andaluziarrek markagailua iraultzeko gai izan ziren Sandra eta Martin-Prietoren golei esker. Orain Fuentesen taldea laugarren postura jaitsi da, eta baliteke jada Liga irabazteari agur esan behar izatea.

Tranpa handiko neurketa zen igandean jokaturikoa. Sporting Huelva talde xumea izanik, Athletici gauzak zail ipintzen iaioa baita. Jardunaldi honetan ere hala izan zen. Bizkaitarrak erdiraketekin mina ematen saiatzen ziren bitartean, etxekoek Joyceren abiadura baliatzen zuten. Hala, lehia interesgarriaz gozatu zuten bertaratutako zaleek. Estrategia jokaldi bana izan ziren aukerarik garbienak. Batetik, Oruetak ez zuen behar bezala baliatu kornerrak eragindako aldaratzea; eta bestalde, Virgyren zuzeneko falta jaurtiketa kanpora joan zen.

Ordu erdia pasata, zuri-gorriak golarekin topatu ziren. Ibarraren erdiraketa neurtua Erikak sareratu zuelarik. Lezaman ez bezala, gol honekin Sporting Huelva piztu egin zen eta bere aukeretan sinetsi zuen.  Eta zorte apur batekin izan bazen ere, berdinketaren gola egin zuten. Sandrak ateratako falta jaurtiketan ez zen hain fin ibili Ane atezaina eta ezin izan zuen gola ekidin.

Athleticek ezin zuen atera bere bikaintasuna, eta horregatik behar baino gehiago sufritzea egokitu zitzaion. Atsedenaldiaren ondoren etxekoak indartsuago irten ziren. Horren adibide, bigarren zatia hasi eta hamar minutura lortutako gola. Virgyk, pase ederraren bitartez, Martin Prietoren mugimendu bilatu zuen, eta aurrelariak burukada zail bezain bikainarekin Ane gainditu zuen. Golpe gogorra izan zen bizkaitarrentzat. Gogorragoa izango litzateke kontraerasoan etxekoak partidua erabakita utzi balute.

Futbolean, ordea, azken minutura arte borrokatu behar dela argi dago. Epaileak bukaera adierazi arte ez dago ezer erabakita.  Baina minutuak aurrera zihoazen eta Athleticek ez zuen aukera garbirik sortzen, eta inpotentzia ederra eragin zuen talde bizkaitarrean. Azken minutua heldu zen arte. Izkin hegaleko erdiraketa batean Irenek aldaratzea jaso eta ez zuen huts egin, markagailuan 2-2koa jarri zuelarik.

Berdinketa emaitza eskasa baldin bada ere, hobe hori ezer baino. Izan ere, aurkari zuzenek ez zuten hutsik egin eta hala, Valentziak ere aurrea hartu dio talde zuri-gorriari. Lehenengo postua hamaika puntura dago eta, nola ez, bigarren sailkatua –Atletico Madril- ere urrundu egin da. Ez ziren fin ibili bizkaitarrak eta, sailkapenari dagokionez, gogotik ordaindu dute. Hala ere, oraindik bigarren itzuli osoa geratzen eta esperantzarako tartea dago. Datorren asteburuan, hil ala biziko lehia jasoko du Lezamak: Rayo Vallecanoren aurka indarrak neurtzea dagokio Athletici.

 

Fitxa teknikoa

Sportin Huelva: Sarita, Sandra, Emma (Elena, 87.min), Maite, Anita, Joyce, Martin-Prieto, Virgy, Patri, Castello, Paulita.

Athletic Club: Ane Otxoa, Iraia Iturregi (Izaskun Leoz, 81.min.), Irene Paredes, Arrate Orueta (Joana Arranz, 77.min.), Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Nekane Diez, Erika Vazquez, Eli Ibarra (Alazne Gomez, 63.min.), Yulema Corres.

Golak: 0-1: Erika Vazquez, 34. minutuan; 1-1: Sandra, 40. minutuan; 2-1: Cristina Martin-Prieto, 55. minutuan; 2-2: Irene Paredes, 89. minutuan.

Epailea: Carlos Hidalgo Marquez. Paulita, Maite, Anita, Virgy eta Elena etxeko jokalariek txartel hori bana ikusi zuten; eta baita Irene Paredes, Arrate Orueta, Nekane Diez eta Maite Lizaso zuri-gorriek ere.