Athletic

Hil ala biziko lehia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko urt. 23a, 12:07

Athleticek hil ala biziko neurketari aurre egin beharko dio igande honetan. Rayo Vallecanoren visita jasoko du, eta joan zen jardunaldiko berdinketa garratzaren ostean garaipenaren goxotasunera itzuli beharko dute bizkaitarrek. Laugarren eta seigarren sailkatuaren arteko lehia 11:30etan hasiko da Lezaman.

Ez dago bere une gozoenean Athletic. Lehen itzuliaren bukaeran sentsazio onak berreskuratu bazituen ere, joan zen jardunaldian mamuak agertu ziren. Lidergoa gehiago urrundu zitzaion Sporting Huelvaren aurka berdintzean. Eta nola ez, goialdean dauden aurkari zuzenek ez zuten huts egin euren konpromisoekin. Are gehiago, badirudi Liga irabazteari agur esaten hasi beharko duela talde bizkaitarrak. Nolabait hori ekiditeko -agurra gehiago atzeratzeko- beharrezkoa du igandean garaipena eskuratzea. Gainera, gogoratu behar da, Huelvan eskuratutako puntua dela eta, laugarren postuan ekingo du hamazazpigarren jardunaldia, hirugarren sailkatua bezainbeste puntu eta bigarren sailkatua baino bost puntu gutxiagorekin.

Igandean arerio izango duen Rayo Vallecanok bizkaitarrak baino zortzi puntu gutxiagorekin aurkitzen da seigarren postuan (26 puntu). Azken hiru partiduetan sailkapenaren gorenean dauden taldeen aurka lehiatu ostean, puntu bakarra batu zuen. Athleticek bezala, Bartzelona eta Atletico Madrilen aurka porrota jasan eta Levanteren aurka berdindu zuen. Hala ere, zortzi neurketetan zazpi garaipen eskuratuz, eta denboraldiaren hasiera kaxkarra irauli zuen. Hori dela eta, Kopako postuetan sendo kokaturik dago Vallecaseko taldea.

Emakumezkoen futboleko talde historikoa dugu Rayo Vallecano, izen handikoa eta hainbat titulu irabazitakoa (hiru Liga eta Kopa bat). Azken urteetan aurrekontua murriztu behar izan dute, txapelketako beste talde asko moduan, eta ondorioz helburu xumeagoak dituzte orain xede nagusi. Joan zen denboraldian ere antzerako egoeran zegoen arren, ederki aurre egin zion talde zuri-gorriari. Madrilen 3-1 irabazi eta Lezaman 2-0 galtzen joan ondoren, binakoa jarri baitzuten markagailuan. Aurtengo sasoian lehen itzulian Fuentesen taldeak gutxigatik garaipenarekin itzultzea lortu zuen, Nekane Diezen bi golei esker (1-2). Historian zehar, Bizkaian gustu guztietako emaitzak ikusteko parada egon da, nahiz eta 2009tik madrildarrek garaipenik eskuratu ez duten.

Denboraldia aurrera joan ahala, ordea, Ahleticek berezko duen nagusitasuna ahultzen joan da. Baliteke lesioengatik izatea. Izan ere, 2014a Irune Muruaren lesioa larriarekin amaitu bazen, asteon jakin da Eztizen Merinok ere belauneko lotailu gurutzatua hautsi duela. Ainhoa Tirapuk, orkatilako lesio bat dela medio, 4 astetik 6 aste bitartera egon beharko du zelaietatik at. Athleticek egoera ondo aurreikusi eta Abanton jokatzen ari zen Jone Guarrotxena fitxatu du, joan zen denboraldira arte elastiko zuri-gorria defendatu duen atezaina. Orain, Ane Otxoa edo bilbotarraren artean egongo da ateko lehia.  

 

Argazkia: Lalu R. Albarran