Athletic

Huts egiteko tarterik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko ots. 14a, 09:29

Ligako atsedenaren ostean, Athleticek garaipenaren zapore gozoa dastatu nahiko du igande honetan Lezaman (11:30). Azken hiru jardunaldietan plazaratutako zalantzak Sevillaren aurka irabaziz ezabatu nahiko ditu. Andaluziarrak ezustekoa ematea izango dute helburu, sailkapeneko azken postutik irteteko esperantzaz.

Bi taldeek bana berdindu zuten azken jardunaldian. Orain dela bi asteburu, zuri-gorriek Realaren poztasuna azken unean zapuztu zuten berdinketaren gola eginez. Porrota baino hobe puntu bat batzea, askorako balio ez bazuen ere. Baina, hain zuzen, bigarren sailkatua den Atletico Madrilek ezin izan zuen Sevilla garaitu eta andaluziarrak puntu ederra eskuratu zuten. Horren ondorioz, Athletic bigarren postutik zazpi puntura mantentzen da.

Jada Fuentesen taldeak huts egiteko aukera guztiak agortu dituela esan daiteke. Bartzelona harrapatzea ezinezkoa dirudi eta orain, jokalarien esanetan, partidu bakoitzera mugatu dituzte xedeak. Aste honetan, beraz, Sevillaren aurkako partidan buru-belarri ibili dira. Printzipioz bizkaitarrek ez lukete askorik sufritu behar, bi taldeen arteko ezberdintasunak nabariak baitira.  

Baina andaluziarrek, Athleticek ez bezala, helburu garbi bat daukate begien artean: jaitsiera ekiditea. Badakite Lezaman paper ona eginez gero helburua gertuago izango dutela, eta ezustekoaren bila zelairatuko dira. Bederatzi punturekin azkenak dira sevillarrak eta salbazioa lau puntura dagoen Albacete Fundazioak adierazten du. Hain zuzen, beraien aurka eskuratu zuen denboraldiko bigarren garaipena Jimenezek gidaturiko taldeak. Eta, Athleticek lez, 2015ean oraindik garaipen bakarra eskuratu du. Lehenengoa iristeko asko itxaron behar izan zuen Nerbioiko taldeak. Izan ere, Zubietan jokatu arte ez zuten inor mendean hartu; hau da, abenduaren 7ra arte.

Gainera, Athleticek berak denboraldiko gol zaparrada handiena sartu zion Sevillari lehen itzulian. 0-8 adierazi zuen markagailuak, andaluziarrentzat golpe gogorra izan zelarik. Gol gehien jaso duen taldea da, baina nabarmendu beharra dago atepean –selekzioaren konpromisoekin egon ezean- segurtasun handiko atezain mexikarra egon ohi dela, lehen itzulian gertatu ez bezala. Aspaldian gol askorik egin ez badute ere, aurrelari bizkaitarrak Ligako hirugarren goleatzaile handienak dira 38 aldiz atea zulatuz. Gainera, taldeko pitxitxi den Nekane berriro golarekin aurkitu zen euskal derbian. Hamaika jardunaldi zeramatzan gola egin ezinik, hasierako lau neurketetan zazpi egin ostean. Barakaldokoaren gosea Zubietan baretzearekin batera bolada onaren hasiera izan daiteke. Zelai andaluziarrean bi gol egin zizkion Lucia atezainari, baina oraingoan Pamela Tajonar izango du aurrean.

Historia osoko emaitzak ikusirik, bien arteko aurreneko lehiaraino jo behar dugu atzera Sevillak lorturiko puntu bakarrarekin aurkitzeko. 2006an hiruna berdindu zuten, geroztik bizkaitarrak eta sevillarren arteko neurketa guztietan Athletic izan da garaile. Eta espainiarrek inoiz ez dute Lezaman atea zulatu.

 

Argazkia: Javi Urola