Athletic

Berdinketa hutsala

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko ots. 22a, 22:10

Argazkia: www.athletic-club.eus

Beste behin Athleticek etxetik kanpo huts egin du. Larunbatean Zaragozan jokatutako partiduan ezin izan zuen Transportes Alcaine mendean hartu, eta husnakoa, haize bortitza lez, neurketa guztian mantendu zen. Golik ezin egin eta ezta gol aukerarik sortu ere. Justiziazko berdinketa izan zela esan dezakegu.

Fuentesek hasierako hamaikakoan nahikotxo aldaketa egin zituen azken orduko lesioak tarteko. Maite Lizasok ez zuen bidaiatu eta Nekane Diez eta Erika Vazquez aurrelariak aulkian hasi zuten neurketa. Hori dela eta, erasoan gehien saiatu zena Yulema Corres izan zen. Berak eduki zuen bizkaitarren aukera ederrena partida hasi eta minutu gutxira. Gasteiztarra borrokalari fina da eta halaxe berreskuratu zuen baloiarekin arean sartu zen. Jaurtiketan, ordea, ez zuen asmatu. Indarra bai, baina ez Esther Sullastres ezustean harrapatzeko bezain beste.

Pentsaezina zirudien aukera hura neurketa guztiko onena izatea. Baina sinetsi ezazue hala izan zela.  Zuri-gorrien gol egiteko erraztasuna pasa den asteburuko zazpi tantoekin joan zenaren sentsazioa transmititu zuten. Nola edo hala, nabarmendu ditzakegun bi jokaldietan arabarra protagonista izan zen. Lehenengoan, azkar ibili zen defentsak gaizki kontrolatutako baloia nahikoa ukitu eta bakar-bakarrik aurrera joan ahal izateko. Atzelariak hankarekin oztopatu eta halaxe ekidin zuten arriskua zeraman erasoaldi. Bigarrenean, Ibarra gutxigatik ez zen heldu Corresek hutsunera bidalitako pasera, Sullastres baloiaren jabe egin zelarik.

Etxeko taldeak ez zuen bestelako lanik egin erasoan. Aipatzekoa hiru entrenatzaileak harmailetan zirela aurreko asteburuan kanporatuak izan zirelako. Hala ere, gola egitetik gertu ibili ziren Athleticek atzean eginiko hutsegite batean. Bigarren zatian haizearen indarra ahuldu egin bazen ere, talde bakoitzaren hutsegiteak areagotu egin ziren. Nekane eta Erikaren zelairatzeek ez zuten ezertarako balio izan. Hori nahikoa ez, eta zaragozarrek aukera garbia eduki zuten. Sandra arean sartu eta bere jaurtiketari Jone Guarrotxenak erantzun bikaina eman ziolarik.

Une horretatik bukaera arte, neurketa makala ikusi zuten Pedro Sancho zelaian eta telebistaren bestaldean zeuden ikusleek. Athleticen baloi luzeen joera gehiegizkoa izan zen, ia zelai erditik areara erdiraketak bidaltzen zituzten eta horrela ez zuten erremate arriskutsurik egin.

Ezer berezirik gertatu ez zen neurketan Transportes Alcainek urrezko puntu bat lortu zuen. Baliteke bereziena horixe bera izatea. Athleticentzat askorako balio ez duen kopurua. Erakutsitako irudiarengatik Koparako indarrak gordetzen ari direla dirudi. Sailkapenari dagokionez, laugarren postuan mantentzen da, eta gaitz erdi Atletico Madrilek ere husna berdindu duen Collerenseren etxean. Talde mallorkarra, hain zuzen, bizkaitarren hurrengo arerioa izango da (igandean 11:30ean).  

Fitxa teknikoa

Transportes Alcaine: Esther Sullastres; Sandra Bernal, Natalia Gaitan, Lara Mata, Marta Reyes, Silvia Ruiz, Claudia, Clara Martinez, Alba Aznar, Mely, Nuria Mallada. Bigarren zatian zehar Marta Cardona, Ritinha, Lucia eta Carolina zelairatu ziren.

Athletic: Jone Guarrotxena; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Vanesa Gimbert, Eli Ibarra; Arrate Orueta, Arene Altonaga; Ainhoa Alvarez (Nekane Diez, 69. min.), Izaskun Leoz (Erika Vazquez, 57. min.), Eunate Arraiza (Alazne Gomez, 46. min.); Yulema Corres.

Epailea: Sebastian Vacali. Sandra eta Natalia etxeko jokalariek txartel hori baina ikusi zuten; baita Eunate Arraiza zuri-gorriak ere.