Ez da konpromiso erraza izango, Lezama bisitatuko duen taldea Atletico Madrilen aurka berdintzetik baitator. Hein handi batean, mallorcarrei esker, bigarren postu pribilegiatu hori, oraindik, bost puntura daukate zuri-gorriek.
Bigarren sailkatua harrapatzea, hain zuzen, beharko luke Fuentesen taldearen helburuetako bat, Championsa jokatzeko giltza edukiko baitu. Baina, orain bertan, badirudi Koparekin pentsatzen ari direla. Liga txapelketa “galdutzat” ematen dute, lasterketan Bartzelonaren abiadurari ezin eustean kataluniarrek aurrera ihes egin dute-eta. Hori dela eta, denboraldia esku hutsik bukatu beharrean Erreginaren Kopa, behingoz, Bizkaia aldera ekartzearekin amesten dute.
Badu logika apur bat. Izan ere, 2015. urteak lesio asko ekarri dio Athletici. Puntuak bidean galtzearekin batera, jokalarien lesioak areagotuz joan dira, kasik harmailetan aulkian baino jokalari gehiago egonik. Azken jardunaldikoa dugu adibide garbiena. Entrenatzaile donostiarrak aldaketa asko egin behar izan zituen hasierako hamaikakoan, gazteei protagonismo gehiago emanez beteranoen lesioak tarteko –astean zehar Maite Lizaso lesionatuen zerrendara batu baitzen. Ez zuen fruiturik eman eta Zaragozatik puntu bakarrarekin itzuli ziren. Antzerako hamaikakoa aterako du Collerenseren aurka, ez dauka aukera gehiagorik-eta. Lezama, baina, bizkaitarrentzat irribarre eta garaipenaren bilgune bihurtu da. Bi hutsegiteak berdinketarekin amaitu ziren –Levante eta Rayoren aurka-, beste zazpi neurketetan hiru puntuak eskuratu dituztelarik. Hala, zelaia eta zalegoaren indar-gunea baliatuko dute golekin batera garaipenaren bidera itzultzeko. Egoera berean jaso zuten Sevilla, orain bi aste, jipoi ederra emanez andaluziarrei (7-0), Zubietan, euskal derbian, bana berdindu ostean.
Bizkaitarrek aurrean izango duten taldea Ligako aurrekontu txikienetarikoarekin lehiatzen ari dena da. Baina ez pentsa konplexua daukatenik. Izerdi askorekin, urteroko papera jokatzen ari dira: jaitsiera saihestu eta, ahal izanez gero, Kopara sailkatzeko borrokan egon. Xede horiek aurrera eramatearen giltza euren zelaiak dauka. Daukan dimentsio txikiengatik-edo, talde gehienek huts egiten dute bertan. Goialdean dauden askok ezusteko ederra eraman izan dute zelai mallorcarrean. Collerenseren itxurak, ostera, aldaketa handia jasaten du kanpoko partidetan. Esaterako, pasa den igandean 0-0 egin zuen Atletico Madrilek Ca’n Caimarin; lehenengo itzulian Madrilen, ordea, 3-1 irabazi zuten madrildarrek. Antzerako zerbait gertatu zen Levanterekin. Antonio Contrerasen taldeak ezin izan zuen garaipena eskuratu Mallorkan (2-2), bai ordea, Nazareten, erosotasun nahikoarekin, gainera (5-0).
Athletic, aurten, Mallorkan irabazi duen hiru taldeetariko bat izan da. 0-1 gailendu zitzaion, sufrimendu askorekin. Ez zen harritzekoa izan, aurreko denboraldietan ere gogotik sufritu behar izan baitzuen, baita berdinketa hutsal bat lortzeko ere. Orain dela bi denboraldi, Lezaman 4-0 irabazi ostean, berdinketarekin konformatu behar izan zuten zuri-gorriek, gainera azken hatsean lortutakoa neurketa entzutetsu batean (3-3). Joan zen sasoian, nagusitasuna erakutsi zuen Fuentesen taldeak bai Mallorcan, bai Bizkaian. Lezaman, hain zuzen, beti irabazi izan du etxeko taldeak Collerenseren aurka, eta guztietan bi gol edo gehiagoren aldearekin. Historian zehar, hauen arteko lehietan berdinketa bakarra ezagutzen dugu, oraintsu aipaturikoa.
Estatistikek balantza Athleticen alde jartzen dute. Datuak kontatzeko daudela esan ohi da, bakoitzak bere konklusioak atera ditzala. Errealitatea igandean 11:30etan ikusiko da Lezamako belarrean: estatistikek bere horretan jarraituko dute edo mallorcarren lorpen historikoa ikuskatuko dugu.
Argazkia: www,athletic-club.eus