Athletic

Zailtasunik gabe (0-3)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mar. 9a, 15:33

Athleticek gehiegi sufritu gabe menderatu zuen Santa Teresa talde estremadurarra. Ainhoa Tirapu, hilabete pasatxo zelaietatik at izan ondoren, zuri-gorrien atepera itzuli zen eta atea hutsean mantendu zuen, ohikoa duen segurtasuna transmitituz. Neurketako golak Erikak eta Yulemak egin zituzten. Gasteiztarrak bi aldiz sareratu zuen baloia bere unerik onena bizitzen ari dela baieztatuz. Harrobiko jokalaria den Sheila Elorzaren debuta ere ikuskatu zuten Vivero zelaira hurbildutakoek.

Juan Luis Fuentes, beste behin, zelai erdian aldaketak egitera behartuta egon zen. Maite Lizasoren lesioaz gain, Arrate Oruetak ezin izan zuen Extremadurara bidaiatu bost txartel horiren pilaketagatik. Hori horrela, Garazi Muruak hasieratik ekin zuen eta Vanesa Gimbertek lerro bat aurreratu zuen, bere alboan Ainhoa Alvarez izan zuelarik. Hala ere, ederki hasi zuten neurketa bizkaitarrak. Izan ere, lehenengo minutuan Erikak bat-batekoa izan zuen etxeko atezainarekin. Miriam aurrelaria baino finago aritu zen –kanpokoek penaltia eskatu bazuten ere- eta gola ekidin zuen. Orduan bai, baina ez hurrengo jokaldian. Berriro Erika eta Miriam aurrez aurre eta aurrelariak ondo engainatu zuen atezaina. Hala, nafarrak zailtasunik gabe baloia ate barrurantz zuzendu zuen.

Santa Teresak, gol goiztiarraren ondoren, Athleticen jokoaren irteera oztopatu nahiean jarri zituen gogo guztiak. Ez zuen ondo funtzionatu, eta erreakzionatzeko denborarik gabe bigarren gola jaso zuten. Aho zabalik uzten zaituen horietarikoa, gainera. Airetik zetorkion baloia, area kanpotik eta boleaz sareratu zuen Yulema Corresek. Lehen Mailan jokatzen duen aurreneko denboraldia izanik, beste gol eder bat batu zuen zerrendara.  Nahi baina ezinean ibili ziren Badajozekoak, eta Ainhoaren ate ingurura hurbildu ziren arren, ezin izan zuten barañaindarra gainditu. Hein handi batean, segurtasun handiarekin itzuli baitzen atezaina.

Athleticen aldetik, Erika eta Yulemak gol bana egin zutelarik, Nekane bilakatu zen taldearen erreferentzia eta esfortzu handirik egin gabe heldu ziren arerioaren area ingurura. Hala eta guztiz ere, ez zen gol gehiagorik ikusi lehen zatian. Ez pentsa bigarren zatian gol zaparrada egon zenik. Ohikoa da Fuentesen taldeak atsedenaldiaren ostean erritmoa jaistea eta neurketaren erabateko kontrola berreskuratzea, joan etorriko lehia izan ez zedin. Baina baloiaren jabetza eskuratzeko ez ziren gai izan. Hori nahiko ez eta  Santa Teresak markagailuko aldea murrizteko asmo argiarekin zelairatu zen, Ainhoa izerditzea lortu zutelarik bi aukera argiekin. Biak ala biak, atezain nafarrak desbideratu zituen. Kontrolik gabeko neurketa asko legez, joan etorriak nagusitu ziren. Eta horretan abilenak bizkaitarrak izan ziren. Eunatek markagailuko aldea areagotzeko aukera izan zuen, baina Miriamek erantzun paregabea eman zion bat-batekoan nagusituz.

Azken minutuetan, gehiegirik ez sufritzeko-edo, neurketaren kontrola Athleticena izan zen. Beharbada, entrenatzaile donostiarrak eginiko aldaketak medio. Hala, jada partidua hilda zegoela, defentsaren hutsegite bat baliatu zuen Yulemak hirugarren gola egiteko –jada, bere hamargarrena-. Gol horrekin partidua amaitu zela esan dezakegu, ez baitzen ezer berezirik gertatu, Sheila Elorza aurrelariaren debuta salbuespen gisa. Hiru puntu hauekin bizkaitarrek berdin jarraitzen dute, hau da, laugarren postuan; bigarren sailkatua den Atletico Madril baino lau puntu gutxiagorekin. Hurrengo igandean 11:30etan, lehendabiziko aldiz Lezama bisitatuko duen Albacete Fundazioaren aurka lehiatuko da Athletic.

Fitxa teknikoa:

Santa Teresa: Mimi; Laura Folch (Gema, 72. min.), Marisina, Carmen Menayo, María Neira (Redman, 26. min.); Patri (Martita, 46. min.), Tamara, Vania, Chica; Mireya (Sara, 72. min.) y Estefa.

Athletic: Ainhoa Tirapu, Iraia Iturregi, Joana Arranz, Garazi Murua, Eli Ibarra; Vanesa Gimbert, Ainhoa Alvarez (Arene Altonaga, 80. min.); Nekane Diez (Jone Bilbao, 82. min.), Yulema Corres, Eunate Arraiza (Izaskun Leoz, 72. min.); Erika Vazquez (Sheila Elorza, 87. min.).

Golak: 0-1: Erika Vazquez, 7. Minutuan; 0-2: Yulema Corres, 13. minutuan;  0-3: Yulema Corres, 81. minutuan.

Epailea: Martinez Lemus. Maria Neira eta Patri etxeko jokalariek txartel bana ikusi zuten. Baita, Iraia Iturregi, Yulema Corres eta Vanesa Gimbert zuri-gorriek ere. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus