Athletic

Bolada onari eustera

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mar. 13a, 14:00

Athleticek bolada onari segida emateko Lezama aurreneko aldiz bisitatuko duen Albacete Fundazioa hartu beharko du mendean (igandean 11:30etan). Albacetekoak jaitsiera postuetatik bi puntura daude, eta Sant Gabriel eta Sevillaren arteko lehiak alerta laranja piztu dezake. Bizkaitarrek puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten lehen aldiz Albacete Fundazioaren aurka lehiatu zirenean, beraz neurketa honen zailtasunaren jakitun dira.

Joan zen asteburuan eroso gailendu zen Athletic igo berri den beste talde baten aurka: Santa Teresa. Erika eta Yulemaren bi golei esker hiru puntuek Bizkaiara bidaiatu zuten. Ez zen hala gertatu, lehen itzulian Athleticek Albacete bisitatu zuenean. Bien arteko aurreneko lehia zen, eta hortxe bertan hasi zen zuri-gorrien beherakada. Banako berdinketa adierazi zuen Andres Iniesta kirol instalakuntzetako markagailuak, bizkaitarrek sasoi honetan huts egiten zuten bigarren neurketa izanik.

Albacete Fundazioak Liga hasieran abisatu zuen Lehen Mailan geratzeko asmo guztiak zituztela. Hasierako bi partiduetan lau puntu eskuratu zituzten, Sevilla menderatu eta Zaragozan berdintzean. Baina Lehen Maila ez da hain samurra. Asko borrokatu zuten mantxarrek gorengo mailan jokatzeko. 2008tik igoera fasean aritu dira baina iazko denboraldian lortu zuten benetako saria, Oiartzun eta Granadilla Tenerife Sur mendean hartu eta Lehen Mailarako txartelarekin egin ziren. Hainbeste lan egin ostean, beste urte batez –gutxienez- maila mantendu nahi dute. Baina 2015. urtean garaipenik ez lortzeak asko sufritzera eraman dute Albacete Fundazioa.  Sant Gabriel eta Sevilla dira, denboraldi osoan zehar, jaitsiera postuetan dauden bi taldeak, baina andaluziarrek Gaztela-Mantxakoen aurka eskuratu zuten garaipenari esker (1-0) hurbilago daukate salbazioa (bi puntura); Luis Garciaren taldearen zoritxarrerako. Hori hala izanik, asteburu honetan Sant Gabriel eta Sevillaren arteko hil ala biziko neurketa jokatzen da. Edozeinek irabazten duela ere, Albacetekoak ito larrian kokatuko dira.

Gauzak horrela, Luis Garciaren taldeak gutxiengo zerbait batzeko asmoa izango du Lezaman. Baliteke berdinketarekin konformatzea lehen minututik, edo benetako ezustea emateko esperantza izatea. Jakina da Athleticek hasierako minutuetan bere onena ematen duela, eta askotan golo goiztiarraren ostean zaparrada etortzen dela. Ondo maneiatu beharko da Albacete Fundazioa Lezamako berdegunean min handia hartu nahi ez badu. Azken hiru jardunaldietan Ligako hiru talde handien aurka punturik eskuratu ez –Levanteren aurka zaplasteko ederra jasoz (8-1)- eta txapelketako indartsuenetariko den baten zelaian bere berdina ez jasatea espero dute mantxarrek. Fuentesek zelai erdian Orueta berreskuratzen du asteburu honetan, eta atean Ainhoa Tirapu joan zen asteburuan bueltatu bazen, astean Jone Guarrotxenaren lesioa ezagutzera eman da (menisko hezurretik operatu dute). Bilbotarra talde zuri-gorriko belauneko lesioen zerrendara batu da.

Bizkaitarren sasoi hasierako helburu nagusia pikutara joan bada ere –ezustekorik ezean-, Bartzelona Liga irabazteko bide onetik doa- bigarren postura iristea eskuragarri daukate. Oraindik Atletico Madrilek Lezama bisitatu behar du, eta gainera jardunaldi honetan Levante izango du aurrean. Beraz, Fuentesen taldeak zerbait garrantzitsua lortzeko (Championsa jokatzea, kasu) bizirik jarraitu nahi badu beharrezkoa dauka garaipenaren bidetik jarraitzea. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus