Emakumezkoen futbolean jada Rayo Vallecanok egin bezala, LGTBfobiaren aurkako lokarriekin zelairatu ziren etxekoak Albacete Fundazioa arerio izan duten lehian. Bizkaitarrek Gaztela-Mantxako taldearen aurkako lehendabiziko neurketako oroitzapen garratzak zeuzkaten. Ezusteko ederra jasan zuten Albaceten eta oraingo honetan ere antzerako zerbait gertatzear egon da. Aurkari duina izan zen Fundación Albacete, eta Lezamara bertaratutako zaleak bere taldeaz harro agertu ziren. Harro baita Lezaman debuta egin duen Carla Bautista aurrelari gaztearekin. Orain bi aste Collerenseko 15 urteko atezainak Lehen Mailako debuta berdegune bizkaitarrean bertan egin bazuen, gaurkoan adin bereko aurrelari mantxarrak egin du. Hasiera batetik Athleticek, ez hain eroso baina, baloiaren jabetza eduki zuen, Elenaren atera gehiegi hurbildu gabe. Eunatek eta Nekanek aukera bana eduki zuten, baina ez ziren azkar jardun errematatzerako orduan.
Lasaitzen hasiak ziren etxekoak, eta Oruetak gehiegi erreparatu gabe Iraiarengana zuzendu zuen baloia Carlak jaso zuen. Zehaztasuna falta izan zitzaion Elisari bidalitako baloi luzeari. Mantxarrek bazakiten nola jolastu, ez ziren kikiltzen baloia jaso orduko eta ideiak garbi zeukatela erakutsi zuten. Ez ziren beldurtu Nekane areara sartzean, eta gaitz erdi beraientzat barakaldarraren intentzioa bere taldekideek ulertu ez zutela, pase ederra bidali baitzuen. Aukera eder horretatik, neurketako lehen korner jaurtiketa Albacetekoen oinetatik etorri zen. Jokaldi horretan bertan, hain justu, gol aukera onena ikusi zuten harmailetan zeudenek. Langatik oso gertu irten baitzen Marinaren burukada ederra. Aukera ona baliatu ez izanagatik edo, ‘10’ zenbakiak segituan eskuak burura eraman zituen. Baina, bere zorionerako, ez zen hor isildu Albacete Fundazioak esateko zeukana. Izan ere, baloi luze batek bere lekutik at arrapo zituen atzelari bizkaitarrak eta ederki aprobetxatu zuen Marina Marti eskuin hegaleko jokalari bizkorrak, Ane Otxoa erraz menderatuz.
Jada eguraldi hotza bazegoen, gol hori jasotzean zuri-gorriak izozturik geratu ziren –bai jokalariak eta bai zalegoa-. Horrek, azkartasunez jokatzera behartu zuen Fuentesen taldea. Taktikoki gailentzea zail bazegoen, teknikoki egin beharra zegoen. Hala, Albaceteko taldea euren zelaian sartu zuten. Erikak penaltia ere eskatu zuen, nola hala arean sartu eta oso behartuta Elenaren aurrera heldu zenean. Eztabaidatxo bat egon bazen ere, ez zen kexa gehiegirik egon. Izaskun eta Eunate berdinketaren gola egitear egon ziren, baina biek amaiera berdina eman zioten jokaldiari: langatik hiru metrora. Banakoa jokaldi eder baten emaitza izan zen, gol erdia Ainhoa Alvarezi eman geniezaioke. Erika area hertzean gelditu eta Ainhoari eman zion baloia. Honek, kontrolatu eta edertasunez hutsunera bidali zuen, jakinik Nekane bigarren lerrotik zetorrela. Nola ez, aurrelariak Elena heldu ez zitekeen lekuan ipini zuen baloia.
Segidan markagailua iraultzeko zorian izan ziren bizkaitarrak. Erikak Izaskunen hegalera ireki zuen jokoa, eskuin hegaleko jokalaria arean sartu eta ez zuen bere buruarekin hainbeste konfiantza erakutsi. Hori horrela, penalti puntuan jarri zuen baloira gutxigatik ez zen iritsi aurrelari nafarra. Joan-etorri itxura hartu zuen neurketak, Albacete, berdinketarekin ere ez baitzen konformatzen. Irene Ojedaren jaurtiketa atera zihoala Garaziren burua agertu zen desbideratzeko, segidan Arranzek kornerrera bidali zuelarik. Izkin hegaleko erdiraketan Anek hutsegite handia egin ostean, konpromezu ederrean jarri zuen bere defentsa, sufrimendu handiz arriskua ateraz. Horrenbeste doitasun ezak, airea eman zioten talde mantxarrari eta beraien erasoaldi batekin bukatu zen lehen zatia.
Eta halaxe ekin zuten bigarren zatian. Baina erasoaldi bakana izan beharrean, penalti batekin hasi zen. Ane oso motel jardun zen, eta hala, Elisak aurrea hartu zion. Hamaika metroetako jaurtiketa Matilde kapitainak bota zuen, 1-2koa lortuz. Gutxi iraun zuen poztasunak Gaztela-Mantxakoen aurpegietan. Urrutiko falta bat nahikoa izan zen berdinketaren gola egiteko. Nola ez, Ibarraren erdiraketa bikaina izan zen jokaldiko protagonista. Penalti puntuan zehaztasun osoz kokatuz, Nekanek burukada elegantearekin Elenaren gainetik sareratu zuen baloia. Berriro ere aurrelari barakaldarra bere taldearen salbatzaile. Jardunaldi batzuk atea ezin ikusirik egon ostean, une ezin hobean berraurkitu da golarekin Nekane.
Aurreneko berrogeita bost minutuetan ez bezala, finago aritu ziren bizkaitarrak. Hala ere, nabarmentzekoa Albacetekoen atrebentzia, gola jaso ondoren erasorako prest agertu baitziren. Horren adibide Marinak kanpora bidalitako bi jaurtiketa. Intentzioa askotan, ordea, ez da nahikoa izaten. Asmatzen jakin behar da, eta Erikak gutxigatik gola egin ez bazuen ere –zutoina errudun- Arranz izan zen markagailua irauli zuena. Bigarren gola legez, Ibarrak falta erdiraketa paregabea atera zuen eta Laudiokoak, ateari bizkarra emanez, baloia orraztu eta Elenaren gainetik hirugarren gola egin zuen.
Partidua ahalik eta bizkorren ixteko asmoa agertu zuen Athleticek, eta horretan Elena atezainaren laguntza izan zuten. Anek egin bezala, De Torok antzerako penaltia egin zion Erikari –kopiaketa bat zirudien. Oruetak erantzukizuna hartu eta, asko arriskatuz, 4-2koa ipini zuen. Ordutik, harmailetan pilatutakoek aldea murrizteko edo handitzeko aukerak ikuskatu zituzten arren, ez zen markagailua mugitu. Hein handi batean, poliki-poliki, Athleticek neurketa hiltzen jakin baitzuen.
Albacete Fundazioa duintasunez aritu zela ezin ukatu, sentsazio onekin bidaiatuko dute baina jaitsiera postuak ez dira aldendu. Atzo Sant Gabrielek Sevillaren aurka garaipen gozoa eskuratzean, mantxarrek bezainbeste puntu batzera heldu dira (14 puntu); beraz, gol bateko aldeagatik bada ere, oraingoz, Luis Garciaren taldea salbazioan kokaturik dago. Athleticek bere horretan jarraitzen du, Valentziak ez baitzuen huts egin Transportes Alcaineren aurka (2-1). Datorren asteburuan, Gaztela-Mantxakoek Oviedo Moderno jasoko dute; eta zuri-gorriek aurkari zuzena den Levanteren zelaia bisitatu beharko dute.
Fitxa teknikoa:
Athletic Club: Ane Otxoa; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Garazi Murua, Eli Ibarra; Arrate Orueta (Sheila Elorza, 82. min.), Ainhoa Alvarez (Arene Altonaga, 74. min.); Izaskun Leoz, Erika Vazquez, Eunate Arraiza (Jone Bilbao, 57. min.); Nekane Diez.
Albacete Fundazioa: Elena de Toro; Vanesa Lorca, Teresa Sanchez, Mirian Perez, Miriam Costa Matilde Martinez (Alicia Muñoz, 76. min), Marina Saez; Carla Bautista (Alba Redondo, 57. min.), Irene Ojeda (Mª Angeles Carrion, 46. min.), Marina Martí; Eli
Golak: 0-1: Marina Marti, 15. minutuan; 1-1: Nekane Diez, 23. minutuan; 1-2: Matilde Martinez (penaltiz), 48. minutuan; 2-2: Nekane Diez, 53. minutuan; 3-2: Joana Arranz, 61. minutuan; 4-2: Arrate Orueta (penaltiz), 69. minutuan.
Epailea: Azkuenaga Astorkiza. Ane Otxoa atezain zuri-gorriak txartel horia ikusi du; baita, Elena de Toro eta Alicia Muñozek ere.
Argazkia: www.athletic-club.eus