Joan zen jardunaldian, gogotik sufrituta, garaipen ederra eskuratu zuen Fuentesek gidaturiko taldeak. Aurkaria Albacete Fundazioa izan zen, aurten Lehen Mailara igo den taldea. Eta orain dela bi asteburu ere, aurten gorengo mailan debuta egin duen taldeari bisita egin eta Extremaduratik garaipen batekin itzuli ziren. Baina oraingo honetan, aurkari horiek duinak izan arren, benetako froga pasatu beharko dute zuri-gorriek. Arerio zuzenen aurka behingoz maila ona ematea egokitzen zaio Athletici, lehen itzulian egin ez bezala. Levanteren aurka berdinketa eskuratu bazuen ere, Atletico Madril eta Bartzelonaren kontra egundoko belarrondokoa jaso zuen.
Jardunaldi honek, baina, gauza on bat badu. Lehen eta bigarren sailkatua elkarren aurka lehiatuko dira Majadahondan. Honek zer esan nahi du? Athleticek irabaziz gero, hirugarren eta bigarren sailkatutik gero eta hurbilago kokatuko litzateke. Hori bai, beti ere laugarren postuan mantenduz. Zaila dirudi egundoko jauzia ematea, baina neurketa hauetan huts egin ezean egoera iraultzea posible daukate bizkaitarrek.
Levantek, bere aldetik, bosgarren postuan mantentzea izango du helburu. Bizkaitarrengandik bederatzi puntura daude, eta seigarrenak baino lau puntu gehiago daukate. Beraz, igandean jokoan egongo diren hiru puntuak batzeak xedea gero eta gertuago izatea suposatuko luke. Gainera, azken bi neurketetan, mahaian golpea emateko aukera ez zuten baliatu granotek. Etxean Bartzelonari estu hartu zuten arren, ez zuten punturik eskuratu. Ezta Madrilen ere, Manzanareseko taldea 3-1 gailendu zelarik. Baliteke, horrexegatik, hain zuzen, Levante bosgarren postuan egotea eta ez gorago. Edo baita, Zaragozan edo Extremaduran puntu bakarra batzegatik. Orain jardunaldi batzuk, Athleticek ez zuen hain urrun bosgarren sailkatua, baina Levanteren azken emaitza kaxkarrek bederatzi puntura areagotu dute taldea, bizkaitarren aire pixka bat hartu dutelarik.
Athletic lehen itzulian behar beste fin ibili ez bazen, berdina esan dezakegu Levante aipatzean. Lezaman puntu ederra lortu zuten valentziarrek, zalantzarik ez. Baina hori barne, sei jardunaldi egon ziren garaipenaren zaporea ezagutu gabe. Denboraldiko tarterik txarrena izan zen hura. Hala ere, etxeko neurketetan sendo agertzen da Antonio Contrerasen taldea. Atletico Madril eta Bartzelonaren aurka bakarrik galdu du Nazareten; eta hortik kanpo, beste horrenbeste gehi Espanyolen zelaian. Irabaztea posible ez zuenean berdinketa eskuratzen abilak izan dira granotak. Adibide argiena Lezamakoa dugu. Adrianak, Ligako golegile onenak –Mari Pazekin berdindurik-, atzelarien hutsegite bat nahikoa izan zuen azken unean banakoa lortzeko. Zuri-gorriak kontuz ibili beharko dira oraingoan ere. Guztira, Levantek Athleticek baino gol gutxiago sartu ditu baina bizkaitarrek bezainbeste gol jaso dituzte. Ondorioa: golak hobeto probesteko gaitasuna du Contrerasen taldeak.
Nazaretek jada, emakumezkoen futboleko bi talde historiko hauen arteko hainbeste lehia jaso dituenez, era guztietako emaitzak ikusi ditu 2002tik gaur arte. Ez dira neurketa gutxi, ez. Eta Athleticek aurreneko bisitan garaipena eskuratu zuen. Levantek, ordea, ondo ikasi zuen eta 2010era arte ez zuen Levante menderatu zelai valentziarrean. Eta ordutik bizkaitarrek ez dute bertan galdu; ezta Lezaman ere.
Gauzak horrela, Contrerasen abileziatako bat arlo defentsiboa izanik, ondo irtengo al zaio Athleticekin? Joan zen denboraldian Erreginaren Kopako joaneko neurketan ondo atera zitzaion, 0-0koa ederki mantenduz –erasoan ezer gutxi eskainiz-. Horretaz jakitun izanik, Fuentesek hasierako minutuetan atea zulatzea izango du helburu, entrenatzaile valentziarraren planak erabat zapuztuz. Entrenatzaile donostiarrak Vanesa Gimbert eskuragarri izango du –gainera, bergararrak bere etapa bat Levanten igaro zuen-, joan zen asteburuan bost txartel horiren zigorra bete zuelarik.
Argazkia: www.athletic-club.eus