Aurtengoa ez da Athleticen denboraldi gozoena izaten ari. Inola ere ez. Nagusitasuna erakusteko unean, huts egiten ari da. Atzo goizekoa beste adibide garbi bat dugu. Aurtengo sasoian goikaldean ari diren taldeen aurka, nolabait, bere gabeziak azaleratu ditu Fuentesen taldeak –baliteke lesioengatik izatea-. Horren ondorioz, Nazareten Levantek ederki gainditu zuen Athletic, emakumeen futboleko ‘klasico historikoa’ deitu daitekeen lehia horretan.
Goiza ezin hobeto hasi zen bizkaitarrentzat. Erikaren gol-aukera ona Pañosek geratu ostean, minutu batzuk geroagoa, aurrelari nafarra arean sartu eta penaltia egin zioten. Hamaika metroetako jaurtiketa Vanesa Gimbertek egin zuen, markagailuan aurrea hartuz. Aldea handitzeko aukera ederra eduki bazuten ere –Sandra Pañosek bikain erantzun zuelarik-, segidan Levanteren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Hala, Olga Garciak berdinketa ezarri zuen. Bizkaitarrak lez, valentziarrak gol honekin piztu egin ziren eta erasoan arriskua eraman zuten.
Ez hori bakarrik, bigarren zatian jokoaren kontrola etxekoena izan zen. Hori horrela, gero eta gehiago –eta arriskuarekin- hurbiltzen ziren Ainhoaren atera. Contrerasen taldea ez zen konformatzen puntu banaketarekin, eta are gutxiago Olgak, area kanpotik, atea zulatu zuenean. Atzean sartu beharrean, Athleticen zaurian min gehiago ematea zuten helburu granotek. Adriana Martinek hirugarren gola egin zuen, Ainhoa ederki gaindituz. Eta jada neurketa bukatzear zegoela, zelairatu berri zen Aila Fusterrek 4-1ekoa ezarri zuen.
Golpe galanta izan zen zuri-gorrientzat. Aukera ederra zuten hirugarren postura hurbiltzeko. Izan ere, Collerensek ezustekoa eman baitzion Valentziari (2-1) eta Atletico Madrilek puntu ona –baina bakarra- batu zuen Bartzelonaren aurka (1-1). Hori dela eta, datorren asteburuan (larunbata, 11:45ean) beste erronka garrantzitsu bati aurre egin beharko diote bizkaitarrek. Bigarren sailkatuak Lezama bisitatuko du eta sentsazio onak berreskuratzea izango du xede Athleticek; madrildarrek, ordea, bigarren postuan tinko eutsi nahiko diote hiru puntuak batuz –eta bitartean, Athleticen morala ukituz-.
Fitxa teknikoa
Levante: Sandra Paños; Leti Mendez (Mariajo, 88. min) Maider Castillo, Sonia Prim, Paula Guerrero; Laura Gutierrez, Alba Merino (Aila Fuster, 90. min.); Nerea Perez (Ana Buceta, 67. min.), Sheila Guijarro, Olga Garcia; Adriana Martin.
Athletic: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Garazi Murua, Eli Ibarra; Vanesa Gimbert, Ainhoa Alvarez; Izaskun Leoz (Alazne Gomez, 46. min.), Erika Vazquez, Eunate Arraiza (Jone Bilbao, 80. min.); Nekane Diez.
Golak: 0-1: Vanesa Gimbert (penaltiz), 13. minutuan; 1-1: Olga Garcia (penaltiz), 29. minutuan; 2-1: Olga Garcia, 75. minutuan; 3-1: Adriana Martin, 82. minutuan; 3-1: Aila Fuster, 90. minutuan.
Epailea: Rafael Badal Marin. Leti Mendez eta Alba Merino etxeko jokalariek txartel hori bana ikusi zuten; baita Garazi Murua, Ainhoa Alvarez eta Erika Vazquez zuri-gorriek ere.