Etxetik kanpo hobetzeko helburuarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko api. 10a, 18:34

Argazkia: www.athletic-club.eus

Asteburu honetan (larunbatean 19:00etan zehatz-mehatz) denboraldi fina egiten ari den Oviedo Modernoren zelaia bisitatuko du Athleticek. Ustekabe bat baino gehiago eman dituzte asturiarrek, eta horren eraginez bosgarren postuan kokatzera ere heldu. Orain, ordea, bederatzigarrenak dira. Bizkaitarrak, joan zen asteburuko garaipen ederraren ondorioz, indarberriturik zelairatuko dira Manuel Diaz Vega berdegunera.

Oviedo Modernoren denboraldi hasierako sentsazio onak Lezaman amaitu ziren, Athleticek garaipenaren bidera itzultzea lortu zuen heinean, hain zuzen ere. Lehen itzuli bikaina egiten zebiltzan asturiarrak, hamabi neurketetan hogeita bi puntu batu zituztelarik. Bi aldiz bakarrik galdu zuten Athleticen aurka jokatu baino lehenago. Lezaman hiru gol jaso eta bolada eskasa iritsi zen. Hamar jardunalditan ezin izan zuten garaipena dastatu. Gauzak horrela, sailkapenean beherantz joan zen. Emaitza kaskarrez gain, arazo ekonomikoei ere aurre egin behar izan zieten. Aurrera egin ezinda zebiltzala azaleratu zuten, laguntza eske, eta azkenean udaletxea eta Oviedo futbol taldeari eskerrak, batez ere, aurrekontua osatzeko beharrezko diru kopurua batu zuten (40.000 euro falta zitzaien-eta).

2014ko gorabeherak alde batera utziz, eta emaitzei erreparatuz gero, urtea hasi denetik bi garaipen besterik ez dituzte eskuratu Oviedokoek (Transportes Alcaine eta Collerenseren aurka). Zortzi porrot eta hiru berdinketen ordaina Kopako postuak galtzea izan zen. Orain bertan sei puntura daukate zortzigarren postua, Sporting Huelvak okupatzen duena. Lau partiduren faltan, zaila dirudi andaluziarrei Erreginaren Koparako txartelak ihes egitea.

Egoera berean daude bizkaitarrak. Athletic, laugarren sailkatua delarik, oraindik bigarren postura begiratzeak irrika eragiten du. Sei puntura dago Atletico Madril, beraz, erronka zail hau gainditzeko Fuentesen taldeak neurketa guztiak irabazi behar ditu, eta madrildarrek, gutxienez, bi neurketa galdu. Aldi berean, hirugarren postuan dagoen Valentziak ere neurketa bat galdu beharko luke. Futbolean guztia posible dela esan ohi da. Horren adibide garbia, era samurrago baten bidez islatua –ez baitzen hain ezinezkoa-, joan zen larunbatean Athleticek eskuratutako garaipena litzateke. Gola bazetorrenaren sentsazioa zegoen jada harmailetan, jada nahikoa aukera garbi huts egin baitzituzten zuri-gorriek. Baina azken jokaldian Bartzelona garaituko zutela nork pentsatuko luke? Bada, hasierako bi jaurtiketetan huts egin arren, aurrelari nafarrak urrezko hiru puntu eman zion bere taldeari. Hala, distantzia berdina mantendu zuten Atletico Madrilekin, Valentziari bi puntu janez. Orain, etxetik kanpo hobetzea egokitzen zaie; Levanteren aurkako porrota labainkada hutsal bezala gera dadin.

Bizkaitarrek ez dakite zer den zelai asturiarretik esku-hutsik itzultzea, nahiz eta joan zen sasoiko berdinketak antzerako sentsazioak utzi zituen. Bederatzi neurketetan Athleticen zortzi garaipen eta berdinketa bat zenbatu daitezke. Ez dira edonolako datuak. Eta aurten Oviedok bere zelaian irabazitako neurketa guztiak taularen behealdean kokatzen diren arerioen aurka izan dira (Transportes Alcaine, Collerense, Albacete Fundazioa, Sant Gabriel). Hala ere, berdinketa batek Athletici azken txanpa zapuztu diezaioke, bigarren postuko ametsa pikutara botaz.  Asturiarrek ondo dakite, gainera, ezusteko txikiak ematen. Irabazi agian ez, baina berdinketa garrantzitsuak eskuratu ditu. Rayo Vallecanoren aurka adibidez; edo orain bi asteburu Levanteren aurka, errekor bat betetzeko balio izan zuena, hain zuzen ere. Asturiarrek inoiz ez zuten lortu Lehen Mailan hogeita hamar puntuak igarotzea, eta azken puntu hori hogeita hamaikagarrena izan zen.

Athleticentzat albiste onena Irene Paredesen itzulera izan zen. Legazpiarrak lesioa atzean utzi zuela erakutsi zuen Bartzelonaren aurka, eta defentsan, berriro ere, jaun eta jabe izan zen. Bizkaitarrek behar zuten bere itzulera. Baita Maite Lizasorena ere, zein Atletico Madrilen aurka minutu batzuk izan bazituen kataluniarren aurka bere betiko jarrera azaleratu zuen. Tamalez, Arrate Oruetak ezin izango du bidaiatu, joan zen asteburuan jasandako lesioaren ondorioz.