Ezin hobeto hasi zen lehia Athleticen interesetarako, etxetik kanpo hobetzeko zuten helburua erabat betez. Etxeko taldeak erritmo handiz ekin bazuen ere, zuri-gorriek aukera bakarra sortuz markagailuan aurretik jarri ziren. Horixe da, hain zuzen ere, Fuentesen taldearen abilezietako bat. Nekane izan zen golaren egilea –area barruan gutxitan huts egiten duen aurrelaria-, Ibarraren erdiraketa sare barrura errematatuz. Maldan gora jarri zitzaien neurketa asturiarrei, baina ez zuten amore emateko asmorik erakutsi. Yoli eta Irene del Río ederki asko ulertu ziren jokaldi eder bat sortuz, baina Julia ez zen iritsi errematera. Baina baloia Magallonek jaso zuen. Honek, aldiz, ez zuen jaurtiketa hiru zutoinen artera bideratu. Zuzentasun hobea izan zuen Illek ateratako faltak, baina han zen Ainhoa gola ekiditeko.
Oviedo Modernoren aukera garbiei gol batekin erantzun paregabea eman zien bizkaitarrek. Erikak erdiratutako kornerra Irenek (Athleticeko elastikoarekin jokatzen zuen 100. partidua zen honako hau), lehen zutoinean, orraztu eta bigarrenean Gimbertek atea zulatu zuen. Athleticen bigarren gola larunbateko azkena izan zen, baina markagailua, alde batera edo bestera, mugitzeko beste hainbat aukera ikuskatu zituzten Manuel Diaz Vega futbol zelaira gerturatutakoek. Oraindik lehen zatian Nekanek ezkerretik zetorren –Ibarraren ezker hankarekin- beste erdiraketa bat kanpora errematatu zuen.
Atsedenalditik bueltan mahaian kolpea ematen lehena Fuentesek gidaturik taldea izan zen. Maru oso adi ibili zen Erikaren jaurtiketa geratzeko. Etxeko taldea markagailuko aldea murrizteko zorian izan zen arren –Isinaren jaurtiketa gora joan zen-, Athleticek arrisku gehiago sortu zuen. Beste behin, atezain asturiarrak erantzun bikaina eman zuen Ibarraren jaurtiketari. Goletik gertuen, ordea, Nekane egon zen. Azkar ibili zen barakaldarra defentsari baloia ostu eta atezaina goitik gainditzean. Baina futbolean zutoinek ere euren protagonismoa aldarrikatzen dute, eta larunbatean halaxe gertatu zen jokaldi horretan. Esperantzarako tarte gutxi bazegoen ere, Illek falta jaurtiketa batean ezustekoa eman nahi izan zuen, trebetasun gutxirekin.
Gauzak horrela, Athleticek hirugarren postua berreskuratu du, bigarren sailkatua sei puntura mantentzen den arren. Hurrengo asteburuan, Valentzia eta Atletico Madrilen arteko lehia zuzena erabakigarria izango da bizkaitarrentzat. Dena den, beste emaitzei erreparatzeko lehenik eta behin Espanyol gainditu beharko dute igandean 11:30etan hasiko den partiduan.
Fitxa teknikoa:
Oviedo Moderno: Maru, Migallon, Gordi, Iglesias, Erika; Iris, Julia (Lucia, 75. min.), Silvia (Isabel, 78. min.); Ille, Isina (Celia, 82. min.), Yoli (Mogo, 69. min.).
Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Garazi Murua, Eunate Arraiza; Maite Lizaso, Vanesa Gimbert; Alazne Gomez (Yulema Corres, 55. min.), Erika Vazquez (Ainhoa Alvarez, 82. min.), Eli Ibarra (Izaskun Leoz, 86. min.); Nekane Diez.
Golak: 0-1: Nekane Diez, 5. minutuan; 0-2: Vanesa Gimbert, 26. minutuan.
Epailea: Granda Barros. Ez zuen txartelik erakutsi.