Ezer jokoan ez duela helduko da Lezamara Jose Antonio Montesen taldea. Erreginaren Kopa jokatzeko txartela poltsikoratu dute kataluniarrek eta txapelketa horretarako lehen proba-saioa izango da Athleticen aurkakoa. Ikuspegi berdina izan dezake Fuentesen taldeak, baina hirugarren postu horretan mantendu nahi izate hutsak garaipena lortzeko grina pizten du. Espanyolek zazpigarren postuan dagoen Sporting Huelva bezainbeste puntu ditu (40) eta gehienez leku hori okupatu dezake, bosgarrenak jada 46 puntu baititu. Bi jardunaldi punturik batu gabe egon ondoren zertxobait atzera egin dute bartzelonarrek –helburua betetzen jarraitzen duten arren- eta bide onera itzultzea nahiko dute.
Gainera, azken asteetan beste bi lesio larri jasan ditu talde txuri-urdinak. Alba Pomares belauneko aurreko lotailu gurutzatuen zerrenda luzera batu den bitartean, Anair Lombari, arazo muskularrak tarteko, belaun-aldeko beste ebakuntzaren bat egin diote. Hori horrela, Montes berak “hazten jarraitzeko partidua” dela adierazi du Espanyoleko webgunean jasotzen duenez.
Athleticek bi garaipen errenkan eskuratu ostean, hirugarren bat nahiko du eta hala txapelketa ahalik eta sentsazio onenekin amaitzeko. Eta nola ez, hurrengo asteburuko neurketa erabakigarria izan dadin, zeinetan Valentziara bidaiatuko duten. Cristian Tororen taldeak, hain zuzen ere, lehia garrantzitsua jokatuko du bihar –larunbata- Atletico Madrilen etxean. Valentziarrek irabaziz gero, eta Athleticek berdina eginez gero, jakina, bizkaitarrek hiru puntu jango liokete madrildarrei. Hau da, bigarren postua hiru puntura geratuko litzateke txapelketa amaitzeko bi partiduren faltan. Hori guztia, baina, espekulazio hutsa da.
Errealitatera itzuliz, bizkaitarrek denboraldiko lehen berdinketa Espanyol beraren zelaian eskuratu zuten. Batzuentzat albiste ona izan daitekeen hori –esaterako Realarentzat, zeinek bertan lortu zuen denboraldiko lehen puntua- Athleticentzat beherakadaren hasiera izan zen. Errenkan sei garaipen lortu zituelarik bidaiatu zuen Sant Adrià de Besòsera, orduan Ligako liderra zelarik, eta bertan irabazten ekin bazuen ere, Anair Lombak zartako eder batekin banakoa jarri zuen markagailuan. Athleticek Espanyolen zelaian irabazten zuen hirugarren aldia izatea ekidin zuen Lombik. Hala, historia osoan seigarren berdinketa eman zen lur kataluniarretan. Datuak osatzen aldera, beste sei alditan nagusitu zen etxeko taldea (behin Erreginaren Kopan, final laurdenetako joaneko lehian).
Bi taldeen aldaketak, ordea, oso nabarmenak izan dira. Orain gutxi arerio oso zuzenak ziren zuri-gorriak eta txuri-urdinak, baina azken hauen arazo ekonomikoak medio talde apalago bat sortzera eraman zuten. Horren ondorioz, egun Espanyol ez dago Liga irabazteko borroka horretan. Baina Erreginaren Kopan zeresana eman dezake. Ondo daki hori Athleticek. 2012an Las Rozasen aurrez aurre izan ziren Kopako finalean, amaiera dramatikoa izan zuen lehian. Banakoarekin amaitu ziren laurogeita hamar minutuak, eta luzapeneko azken minutuan, jada penalti jaurtiketekin pentsatzen zebiltzala, Mari Paz Vilasek burukada eder batekin sarea zulatu zuen. Horixe bera izan zen Espanyolen azken titulua, bizkaitarrek Koparekin daukaten ‘zorte txarra’ areagotuz.
Bada igandeko norgehiagokak ez du inolako antzekotasunik edukiko. Garaikur asko irabazitako taldeak direnez geroztik (lau Liga bizkaitarrek eta, Liga bat eta sei Erreginaren Kopa kataluniarrek) eta Emakumezkoen futbolean zeresan handia eduki duten bi talde historikoen arteko lehiak beti ikusmira sortuko du, nahiz eta jokoan ezer handirik egon ez.
Argazkia: www.athletic-club.eus