Hirugarrena izateko borroka

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko api. 24a, 12:24

Azken txanpan aurkitzen da Liga txapelketa. Azken aurreko partida jokatuko da asteburu honetan, eta Athleticek Valentziara bidaiatu beharko du. Valentziarrak, hain justu, laugarren postuan daude, bizkaitarrek baino hiru puntu gutxiagorekin. Bihar 11:45etan, Gol Televsionen testigantzapean, hirugarren postua egongo da jokoan bi hauen artean. Cristian Tororen taldeak, helburu hori lortzeko, Athletic bi golen aldearekin –edo gehiago- menderatu beharko du. Fuentesen taldeak, ostera, garaipen batekin bigarren postuarekin amestu lezake (igandean Atletico Madrilen emaitzaren esperoan).

Azken hiru neurketetako emaitzak ikusirik badirudi Athleticek bere irudi onena berreskuratu duela. Baliteke laister batean Erreginaren Kopa datorrelako izatea. Arantza behin betiko kendu nahi dute. Hori ez ezik, Atletico Madrilek tentuz ibili behar du azken bi partida hauetan. Lo hartuz gero –eta Athleticek bi garaipen lortuz gero, noski- bigarren postu pribilegiatu hori galdu lezake. Amets ederra zuri-gorrientzat, eta era berean, erronka zaila. Ainhoa Tirapuk, besteak beste, ondo ezagutzen duen aurrelari bat izango du begien artean: Mari Paz Vilas. Aurrelari galiziarrak, Espanyolen jokatzen zebilenean, 2012ko Erreginaren Kopako finaleko azken hatsean –luzapenean- barañaindarrari gola egin baitzion buruz. Athleticen amets gaiztoa hor bertan hasi zen. Ez da aurpegi ezagun bakarra izango galiziarrarena. Beste bandoan jada elastiko zuri-gorria jantzi duten bi jokalari egongo baitira: Manuela Lareo eta Naiara Beristain. Ez edonolako lehia izango gasteiztar eta getxotarrarentzat.

Arerio zuzena, horixe bera da Valentzia. Inori ez dio harritu sailkapenaren goialdean egotea, bi urteren buruan talde lehiakorra sortu baitute. Joan zen denboraldian gehiago eskatzen bazen, aurten helburu hori lortu dute. Nahiz eta, azken finean, Bartzelona dagoen bezala ikusirik, Liga irabaztea konplikatua izan. Dena den, ezin daiteke aipatu gabe utzi Valentzia izan dela Xavi Llorensen taldea bi neurketetan menderatu duen bakarra. Bai Paternan eta baita Sant Joan Despìn Cristian Torok ezustekoa eman zuen. Gauzak horrela, orain gutxira arte, bigarren postuan aurkitzen zen. Baina azken bost partiduetan jasan duten irabazteko ezintasunak laugarren posturaino eraman dute. Bizkaitarren ibilbidea alderantziz izan da, Levanten belarrondokoa hartu zutenetik ez baitute galdu (berdinketa bat eta hiru garaipen). Hala, hirugarren postua lapurtu du.

Bi talde hauen erregulartasun eza baliatu duena Atletico Madril izan da. Joan zen jardunaldian Valentziaren aurka berdindu zuen arren (galtzeko ezer gutxi behar izan zuen, baina Mari Paz Vilasek penaltia huts egin zuen) bost puntuko aldea ateratzen dio hirugarren sailkatuari. Hau da, puntu bat batzea nahikoa dauka UEFA Women’s Champions Leaguerako txartela lortzeko. Edo, era berean, Athletic eta Valentziaren arteko lehian puntu banaketa suertatzea.  

Bizkaitarrek, baina, sentsazio onei jarraipena eman nahi die, hirugarren postuan tinko mantentzeko bada ere. Eta Valentziak, nola ez, ahalik eta goren amaitu nahi du, gehienez hirugarren postua lortu dezakeelarik. Oroitzapen onak ditu entrenatzaile argentinarrak Paternan Athleticen aurkako lehian. Izan ere, iazko sasoian 3-0 garaitu zuten talde zuri-gorria, Lezaman emaitza berdinarekin galdu zuten arren. Garaipen historikoa izan zen, ordura arte Valentziak ez baitzekien zer zen Athleticen aurka punturen bat lortzea. Aurrena, eta azkena oraingoz. Joan zen urtean Kopan ere aurrez-aurre izan ziren, final laurdenetan, eta Lezaman berdinketa hazkatu bazuten ere Athletic gainetik pasatu zen mediterraneoan (1-4). Azken lehian, Bizkaian jokaturikoan, 1-0ekoa adierazi zuen markagailuan. Emaitzak adierazten ez duen arren, etxekoek nolabaiteko erraztasunarekin irabazi zuten. Valentziak ez zuen erakutsi bere benetako jokoa, eta berdinketaren bila joate horrek, kondenatu zuen. Erikak egin zuen justizia zelairatu orduko –aulkian zegoen- gola egin baitzuen, Valentziaren lehen porrota eraginez.

Errebantxa edo tinkotzea. Biak ala biak jokoan Paternan. Valentziak hainbeste denboran bere izan den postua ostu nahi; Athletic, bestetik, tinko jarraitu nahi azken txanpan lortu duen hirugarren lekuan. Eta bientzat, aldi berean, Erreginaren Koparako entrenamendu polita.

 

Argazkia: www.athletic-club.eus