Liga hirugarren postuan bukaturik, Erreginaren Kopan paper txukuna egiteko itxaropena –eta asmo zuzena- zeukan Athleticek. Txapelketa erregularrean saririk poltsikoratu gabe geratu ostean, garaikurra nahi zuten bizkaitarrek. Baina asmo berberarekin zegoen Valentzia topatu dute aurrean. Planteamendu serio bezain erasokorrarekin abiatu dute lehia gainera. Hala, zuri-gorrien deserosotasuna eragin dute, eta horrekin batera markagailuan aurrea hartzea. Georgina Carreras “Gio”-k area ertzean airez zetorkion baloia kontrolatu eta boleaz ateko txokotik sareratu du jaurtiketa. Txapelketako gol onena izan daiteke. Honekin, bizkaitarrak esnatu baino urduritu egin dira. Ez ziren Lezaman bezain ondo sentitzen. Eta egoera ezezaguna zitzaien, aurten Valentziak ez baitzien golik egin.
Baloi luzeen erabilera gehiegizkoa egiten hasi dira orduan, Nekane eta Yulemak jasoko zutelakoan. Baina ez. Atzean oso sendo agertu da Valentzia. Hori ez ezik, erasoan ere Athletic baino freskoago zebilen. Taldeko jokaldiak egiten zituzten behintzat. Area inguruan zirenerako dardara nabari zen zuri-gorrien gorputzetan. Mariajoren arnasots bakarra, ordea, hogeita hamargarren minutuan iritsi da, Yulemaren jaurtiketa zutoin albotik kanpora joan denean.
Inpotentzia nabaria zen talde bilbotarrean. Eta horrek eragindako hanka-sartzea ederki aprobetxatu du Mari Paz Vilasek bigarren gola egiteko. Atzelariek ezin izan dute urrundu Monfortek ezkerretik erdiratutako baloia. Hori ez ezik, aurrelari galiziarrari kontrolatzen eta jaurtitzen utzi diote. ‘9’ valentziarrak Kopako lehenengoa eta sasoi honetako hogeita bigarren gola egin du.
Lehen zatiaren hondarrean (44. minutuan) atera du Athleticek bere lehen ertzeko sakea. Horra hor neurketaren nondik norakoak bikaintasunez islatzen duen datua. Beste era batera esateko, bigarren zatian eduki dute –golaz gain- lehiako gol-aukera garbiena, non Mariajok ederki tapatu duen ateko zuloa Alazneren jaurtiketa oztopatuz. Minutu batzuk lehenago, dena den, Lizasok ez du behar bezala bideratu burukada arriskutsua. Gogotik tamaldu da –betiko legez-, une horretan gol bat sartzeak suposatuko lukeena pentsatuz. Aldaketa apurra ikusi da Athleticen dinamikan, beharbada Erikaren zelairatzeak eragindakoa. Baina ez dute Valentzia kikildu. Kontrolatu zeukaten egoera. Bi goleko aldearekin Cristian Torok, atzean sartzearen arriskuaz jabeturik, planteamendu berarekin jarraitu du. Eta Fuentesek ez du aldaketa erasokor/iraultzailerik egin. Gauzak horrela, Valentziak ere ez du aukera garbirik sortu, aldaketen poderioz intentsitatea jaitsi baitute.
Esperantzarako tarte gutxi zegoela errenkan bi ertzeko sake atera dituzte bizkaitarrek. Azken aukera horiek baliatze aldera, gainera, estrategia jokaldietan jendea pilatzeko-edo, Joana Arranz zelairatu du Fuentesek. Eta laudiotarra izan da azken minutuetako protagonista. Lehenengoan, Lizasoren burukada bikaina Mariajok gelditu ezin hobearekin erantzun du; eta bigarrenean, gola lortu du atzelari arabarrak. Epaileak hiru minutu gehiago luzatzea erabaki duen arren, denbora tarte horretan baloia gehiago egon da valentziarren oinetan bizkaitarretan baino. Hori dela eta, Valentziak ez du sufrimendu gehiegirik jasan.
Esan daiteke, futbola justua izan dela partidu honetan. Cristian Tororen taldea ideiak garbi zituela zelairatu da Cristian Tororen taldea. Athletic, ordea, duda-mudaka. Liga txapelketak Koparekin zerikusi gutxi duela argi utzi dute valentziarrek. Athleticen aurka aurtengo denboraldian bi porrot jasan duten arren, neurketa erabakigarriago batean mendekua hartu baitute. Melillan, beraz, Valentziak finalerdietan Ligako txapelduna edukiko du aurrez-aurre. Gogora dezagun, Bartzelona bi alditan garaitu duen talde bakarra izan dela valentziarra.
Las Rozasen jokaturiko beste kanporaketetan Atletico Madrilek 1-5 menderatu du Espanyol, nahiz eta kataluniarrak sartu duten lehen gola. Rayo Vallecano eta Huelvako Sportingen arteko lehia luzapeneraino joan da. 90 minutuan banako berdinketarekin amaitu ostean, 2-4 irabazi talde andaluziarrak; historian lehen aldiz Erreginaren Kopako finalaurrekoetarako txartela lortuz. Melillan Atletico Madrilen aurka lehiatuko dira.
Fitxa teknikoa:
Valencia CF: Mariajo Pons; Leila Ouahabi (Cintia Montagut, 58. min.), Ivana Andres, Paula Nicart, Salome Navalon (Nuria Sanchez, 54. min.); Mitsue Iwakura (Manuela Lareo, 71. min.), Sara Monforte (Paula Arnal, 80. min.), Carol Ferez, Georgina Carreras, Naiara Beristain; Mari Paz Vilas.
Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Garazi Murua, Eunate Arraiza (Alazne Gomez, 62. min.); Vanesa Gimbert, Maite Lizaso, Ainhoa Alvarez (Erika Vazquez, 46. min.), Yulema Corres, Eli Ibarra (Arrate Orueta, 80. min.); Nekane Diez (Joana Arranz, 88. min.).
Golak: 1-0: Georgina Carreras “Gio”, 7. minutuan; 2-0: Mari Paz Vilas, 37. minutuan; 2-1: Joana Arranz, 89. minutuan.
Epailea: Roberto Carralero Calvo. Talde valentziarreko Salome Navalon eta Mari Paz Vilasek txartel hori bana ikusi zuten.