Aurrerantzean ez da berdina izango

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2017ko mai. 20a, 10:47

Etapa guztiek dute amaiera bat eta, noski, hasiera bat. Bizitza bera da adibiderik argigarriena. Horren jakitun izanik ere, agur esatea ez da sekula erraza izango.

Agur, gero arte edo ikusi arte. Azken egunotan hitz horiek errepikatu dira futbol arloan, trantsizioari bidea ematen. Ikur izan direnek futbola utziko dutela jakinarazi dute. Hori horrela, Realean eta Athleticen hasiak dira jada agur hunkigarrien jaiak ospatzen. Talde txuri-urdinean kapitainaren malkoek hartu zuten protagonismoa Zubietako azken neurketan. Berdin zuen emaitzak, berdin zuen Valentziak 4 gol egin izanak… Hurrengo denboralditik aurrera, lehenengo aldiz, Aintzane Encinas gabeko Reala egongo zela jabetzea izan zen garrantzitsuena. 

13 urte eman ditu elastiko txuri-urdina defendatzen, 388 neurketa jokatu ditu guztira (zifrak gora egin dezake Kopako neurketetan). 15 urterekin heldu zen Realaren familiara, hala deritzo berak. Realaren bi igoerak bizi izan ditu, eta lehen mailako une on zein txarren lekuko nagusienetarikoa izan da. 2004an sortu zen Realetik bera bakarrik geratzen zen talde donostiarrean. Historia hutsa da, eta askotan gogoratua izateko titulurik behar ez dela ere erakutsi du aurrelariak. Beraren ametsa Realarekin zerbait irabaztea zen. Oraindik posible dela zioen irratiko elkarrizketa batean. Koparekin pentsatzen dago jada, 13 urtean itzali ez zaion ilusio guztia bertan bideratuko du. «Egun eta neurketa bakoitza lezio bat izan da. Eraldatze geldiezina. Pasioa. […] Erronka eta bide berriak existitzen dira. Erabakiak hartu nau». Hitz horiexekin agurtu zuen Reala kapitainak, eta guztiek bizkarrean '20' zenbakia zutela agurtu zuten taldekideek beraien kapitaina.

Ez da aurten futbola utziko duen emakume bakarra izango. Athleticen, kolpean, ikur izan diren hiru jokalarik agur esan zuten ostegunean. Irune Murua, Iraia Iturregi eta Eli Ibarra. 14 eta 15 denboraldi eman dituzte zuri-gorriz jantzita. Erreferente izatera heldu dira, eta beharbada horixe da sari onena, ligako tituluekin batera. «Porrot gogorrenetan ere ez nintzen taldez aldatuko garaikurren bat irabazteko». Benetan ari zen Iturregi, azken urteetan taldeko kapitaina izan dena. Hirurek malkoz busti zuten Lezamako prentsa-aretoa. Taldekideek ere ezin izan zuten disimulatu. Irune Murua aurrelariak —azken urteetan lesioek errespetatu ez arren 105 gol sartu ditu 313 neurketetan- ezin izan zuen hitzik ahoskatu, Eli Ibarrak ere zailtasunez hitz egin zuen —412 neurketetan parte hartu du azkoitiarrak, 111 golekin. Sentimenduak agerian geratu ziren.

Futbolaren benetako esentzia gorenera eraman dute jokalari hauek. Ez dute inoiz futbola lanbide izan, negozioaren itzalean egon dira, egiatasuna transmititu diote zalegoari eta gutxitan izan dira errekonozituak. Azken puntu horrekin amorrua askatu zuen Iturregik, orain gutxi Athleticeko elastikoarekin 400. neurketa jokatu zuen. «Gehiago baloratuak izatea gustatuko litzaidake», esan zuen kapitainak agurrean. Ez zaio arrazoirik falta.

Oraingoz lau hauek eman dute agur esateko pausoa. Beharbada ez dira aurtengo azken agurrak izango euskal futbolari dagokionez (Maite Lizaso edo Leire Landa, kasu). Datorren denboraldia ez da berdina izango Encinas, Ibarra, Iturregi eta Murua bezalako ikur gabe. Lauak aldabatera utzi dute, agurra are gogorra eginez. Trantsizioa derrigorrezkoa izango da, Reala eta Athletic horretara behartuta daude, baina euskal futbolak hauek bezalako jokalari gehiago edukiko ez dituela argi izanik.  Etapa bat markatu dute, Athletic eta Realaren hasierako ibilbidean pausoak eman zituzten. Orain beraien etapa amaitu eta zuri-gorri zein txuri-urdinek beraien ikurrik gabe ibilbidea egiten ikasi beharko dute. Zubieta zein Lezamara joatea aurrerantzean ez da berdina izango bertan, zelaian, Encinas, Ibarra, Iturregi eta Murua falta badira.

 

Argazkiak: www.realsociedad.com eta www.athletic-club.eus