Argentinak badu zer hausnartu eta munduak badu zer aztertu

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2017ko urr. 4a, 12:36

Argazkia: www.elfemenino.com.ar

«Argentinako emakumezkoen futbola gainbeheran eta desagertzeko arriskuan dago». Hitz horiek adierazi zituen martxoan Carolina Garcia kudeatzaileak. Telam hedabideak jasotako elkarrizketan, Women in Sports Kongresuaren sortzaileak salatu zuen jokalari argentinarrak «guztiz babesgabeturik daudela» Argentinako futbol federazioaren aldetik.

Ez zebilen gaizki Carolina Garcia. Sei hilabete beranduago jokalariak beraiek nazkatu egin baitira egoeraz. Abuztuaren bukaeran, bi urte beranduago, neurketa bat antolatu zuen federazioak, Uruguay arerio. Pausu garrantzitsua izan zen, 2015etik ez baitziren lehiatu, ez lagunarteko ezta txapelketa ofizialetan ere. Azken neurketa Torontoko Joku Panamerikanoak izan ziren. 774 egun igaro ziren neurketa batetik bestera eta ondorioz FIFA ranking-etik at geratu zen Argentina. Pentsaezina gizonezkoetan helarazten duen indartasunarengatik.

«Ezin da kirol batean aritu oinarrizko baliabideak kontuan hartzen ez direnean». Horixe dio sare sozialetan jokalariek helarazi zuten oharrak. Hori horrela, selekzioak deituriko entrenamenduetara ez joatea erabaki dute, arazoari irtenbidea aurkitu arte. Hiru gauza eskatzen dute: dieten ordainsaria igotzea (egun entrenamenduko 150 peso ordaintzen dute, 7,39 euro), lan-saioetan belar naturaleko zelaia erabiltzea eta hotelean gaua pasatzea kanpoan jokatzen dutenean.

Argentinako jokalarien oharra

Hiru funtsezko baldintza dirudite, lojikan sartzen diren baliabideak, alajaina. Bada, orain arte, hori guztia eduki gabe zebiltzan. Selekzioaren entrenamenduetara joan ahal izateko, askotan lana edo ikasketak alde batera utzi behar izaten dute eta horregatik aldarrikatzen dute, hain zuzen, dieten igoera, egun horietan beraien diru-sarrera bakarra delako. Are gehiago, eguneko 150 pesoek ez dute askoren bidaiako gastua kubritzen. Ondorioz, Argentinatik at jokatzen duten jokalariak (Espainian edo Estatu Batuetan) selekziotik baztertuta geratzen dira bidaia ez ordaintzeagatik.

Eta zergatik erabaki hau orain? Abuztuaren 30ean Uruguayren aurkako neurketak argi-izpi bat zabaldu zuen, partida aurrekoan bai behintzat. Eguna, ordea, ez zen hain bikaina izan. Neurketa jokatu zuten egunean bertan bidaiatu zuten Montevideora, goizeko 4etatik 9etaraino, itsasontziz, eta norgehiagokaren ordura arte autobusean egin zuten lo. [Dena den, eta emaitza gutxienekoa bada ere, merezi du aipatzea 0-3 irabazi zutela.] Egun berean, gizonezkoek hiriburu berean jokatu zuten eta bidaia berbera, nola ez, hegazkinez egin zuten.

Gizartean guztiz errotuta

Inflexio puntua izan zen Montevideoko esperientzia, baina irailaren hasieran helarazi zuten aldarrikapenak bere horretan jarraitzen du, federazioaren isiltasuna eta beste jokalari batzuen inplikazio eza lagun, izan ere irailaren 27an Uruguayren aurka jokatzeko talde alternatibo bat osatu nahi izan zuen AFAk eta bai lortu ere, borrokan dabiltzanen hitza baliogutxituz. Hau nola bukatuko den den ikusteke dago. Eta adi, 2018an Odesur txapelketa dago eta are garrantzitsuagoa den Amerikako Kopa, Munduko txapelketarako txartela eman diezaiokeena.

Egoera honen aurrean, Danimarkara begira jarri dira argentinarrak eta mundu guztia, orokorrean. Jokalari danimarkarrak, aurten Europako txapeldunordeak, gizonezkoek bezainbeste kobratzea aldarrikatu zuten. Hitzez bakarrik ez, irailaren 15ean Holandaren aurkako lagunartekoa jokatzeari uko egin baitzioten. Federazioaren gelditasunaren aurrean, ordea, beste aktore bat sartu zen: gizonezkoen selekzioak beraien urteko soldata 67.000 eurotan murriztea proposatu zuen, diru hori emakumeei bideratzeko. Keinuak txalo zaparrada asko jaso ditu, txapela kentzeko jarrera baita. Baina hotzean aztertzen hasita, hau al da berdintasuna? Agintariak eskuak igurzten egongo dira. Oraindik, eta mugimendu honen aurrean, Federazioak ez du txintik esan.

Argentina eta Danimarkak, selekzio zein herrialde ezberdinak izanik, desberdintasunaren erakusle bilakatu dira. Berdintasun eza ez baita kontinente, herrialde edo aberastasunaren kontua, gizartearen erroan kokaturik dagoen jarrera da, hain zuzen ere. Bi kasuen arteko diferentzia bakarra zera da, batean gizonezkoen taldeak bat egin dutela aldarrikapenekin, babesa eskaini dutela eta bestean, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu dutela inguruko talde zein pertsonek.

Argentinak badu zer hausnartu. Eta munduak badu zer aztertu. Brasilen ere egon baita mugimendurik, indibidualki izan arren. Hala, Cristiane Rozeira, Francielle Manoel Alberto, Andreia Rosa, Rosana dos Santos eta Maurine Dorneles Gonçalves brasildarrek selekzioa uztea erabaki zuten azken egunotan federazioak harturiko erabakiengatik. Horien artean daude, Emily Lima hautatzailearen kargugabetzea hamar hilabete eta gero. Bestalde, dieten igoera eskatzen dute (orain 250 erreal kobratzen dute, 66 euro) eta, besteak beste, irudi eskubideen gardentasuna.