Werther totala

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko ots. 8a, 00:00

Jules Massenet-en Werther
OLBE. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Michel Plasson. Gaudeamus Korala. Zuzendaria: Julia Foruria. Bakarlariak: Roberto Alagna (tenorea), Elena Zhidkova (mezzoa), Elena de la Merced (sopranoa), Manuel Lanza (baritonoa). Eszena Zuzendaria: David Alagna. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urtarrilaren 17a.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aitortu behar dut Werther dela nire opera kuttuna, edo kuttunetako bat. Beharbada Jules Massenet-en partitura benetan elegantea eta inguratzailea delako, edo halako drama erromantikoak gustukoak ditudalako. Horrez gain, opera hau txikitan ikusi nuen lehenengoa da, ikaragarri gustatu zitzaidan une horretan, eta inpronta bereziren bat utziko zidan, dudarik gabe. Aldi honetan, OLBEk eskainitako produkzioak, Teatro Regio di Torinokoak ez zidan huts egin. Eszenaratze klasikoa, errealista, argia eta koloreak oso ondo aukeratuak eszena bakoitzaren giroa islatzeko, eta, inportanteena, ahots ederrak.

Roberto Alagna tenore frantziarrak ondo merezia du bere ospea. Nortasun handia du eta artista honen aurrean ez dago epelkeriarik: edo maitatzen duzu edo kontrakoa. Niri asko gustatzen zait. Ahots naturala du, erraz-erraz ateratzen diren horietako bat, garbia eta argitsua, opari bat. Eta taula gainean eskarmentu handiko aktoreak bezala mugitzen da, aisetasun eta indarrez. Agian, Werther gaixoaren rola egiteko indar gehiegi, arima delikatuzko pertsonaia baita. Alderdi horretan ezin dugu ahaztu Alfredo Kraus-en bertsioa, hain erromantikoa, zentzu onenean. Hala ere, Alagnaren kantu freskoak desegokitasun horiek estaltzen ditu.

Ikuskizun biribila disfrutatu genuen. Elena Zhidkova mezzoak Charlotte ederra egin zuen, eta Elena de la Merced sopranoak txalo handiak jaso zituen Sophie dotore eta ondo interpretatua eginez. Manuel Lanza baritonoa Albert konbentzigarria eta zertxobait diskretua iruditu zitzaigun. Orokorrean interprete-talde sendo baten aurrean aurkitu ginen. Aipamen berezia merezi du Jon Plazaola tenore donostiarrak, beti bezala eraginkortasunez aritu baitzen.

Nabarmentzekoa da, halere, alderdi eszenikoa, oso klasikoa, baina ez neutroa. Itxuraz dekadenteak ziren elementuekin oso atmosfera iradokitzaileak lortu zituen David Alagna (Robertoren anaia) eszena zuzendariak. Bikaina.

Eta amaitzeko, ezin dugu ahaztu Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lana, Michel Plasson maisuaren batutapean, oso egokia uneoro.

Osorik irakurri