Etxearen alokairua lan sozialaren ordainetan

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko urr. 25a, 00:00

Etxebizitza solidarioa

Helburua: San Frantzisko eta Otxarkoaga auzoetan bizilagunekin lan soziala egitearen truke etxebizitzaren alokairua 55 euro. Antolatzaileak: Bilboko Udala eta Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Norentzat: Graduondoko ikasleentzat

Bilbi plaza. Arratsaldeko lau eta erdiak. Bazkal osteko kafearen gonbitea onartu digu Davide Angelilli 24 urteko gazteak. San Frantziskoren bihotzean pasa zuen lehengo urtea gazte italiarrak. Masterra egitera etorri zen Erromatik Bilbora, eta etxebizitza solidarioaren programan sartu zen. Auzoko kultur eta kirol taldeen koordinazioan lagunduta etxebizitzaren hilabeteko alokairua 55 euro. Angelillik garbi du 55 euro horiek erakarri zutela programara hasiera batean, gero auzoak dirua baino zerbait gehiago eman bazion ere. 

San Frantzisko auzoaren magalean dagoen plazako tabernan, katiluak eskuan, joan-etorrian ikusten dugu jendea; eta ez dago gehiago mugitu beharrik usaintzeko karrika horietako egunerokotasuna, etxe bakoitzeko jatorria, hizkuntza, kultura… eta estatusa. Tartean pare bat lagun taldek ere egin die diosala Angelilliri, eta “horiek futbol taldean aritzen dira” edo “horiek elkartean lan egiten dute” bezalako azalpenak ematen dizkigu. Garrantzitsua ikusten du auzotar horiekin lan egitea. Programak gazteei etxebizitza eskuragarri bat eskaintzeaz gain, Bilboko auzo honetako herritarrekin integrazio lanketa egitea du asmo. Ertzak asko dira, ordea, eremu hauetan. Angelilli, programari inportantziarik kendu gabe, kritiko ere agertu da zenbait momentutan. Ikasturte baterako diru-laguntza edo beka moduan ikusten du gehiago, eta ez du nabaritu egoerari benetako konponbidea bilatzeko intentziorik. 

Lanaren truke etxea eskuratzearena ideia ona da, baldin eta aldaketak helburu orokorrak baditu; txikitik ekin baina handian eragiteko asmorik badago. Oraingoz Bilboko Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateetako graduondoko berrogeita bost ikaslerentzako programa da, kurtso amaierako iraungitze-data duena. Eta lan sozialari dagokionez, karitate hitza darabil usu. Dio, karitatea baino zerbait gehiago behar dela benetako integrazioa lortu nahi bada; karitatea laguntzeko pauso bat dela, baina beti mantenduz gizarte mailaketa eta botere harremanak. 

Hipster-ak auzoa girotzen

Kafea ordainduta –horretarako txanpon batzuk izaten ditugu oraingoz prekariook ere– San Frantziskoko kaleetan gora abiatzearekin batera begiztatu ditugu lehen lokal hipsterak. Urte gutxian aldaketa handiak jasaten ari da auzoa. Betiko tabernak itxi eta kafetegi, pub chic-agoak ugaritzen ari dira. Modan dago. Eta jarrera argia da: auzo “konfliktiboa” modernizatu nahi dute. Eta modan dagoenak gehiago balio du. Ikasleak ere amu ederra dira horretarako. Geroz eta gehiago dira unibertsitateko ikasketak egiten ari direla San Frantzisko bizileku hautatzen dutenak. Auzoko alokairuak gora. Eta Angelilliri eta bioi ez zaigu kasualitatea iruditzen etxebizitza solidarioen programa ere bertan egitea. Ikasleak auzora gerturatuta beste maila bat hartzen dute kaleek. 

Kalean daudenek, baina, beste leku baztertuago batera mugitzen hasi beharko dute.

Osorik irakurri