Hiltzaileak libre jarraitzen du, hori da oraingoz argi eta garbi dakigun bakarra. Hau da, Iñigo Cabacas gaztea Bilbon duela lau urte gomazko pilota batez hil zuen ertzainak libre jarraitzen duela. Oraindik ez dakiguna da erailketa edo homizidioa izan zen. Epaiketak argitu beharko du hori.
Lasai ote da hiltzailea? Egin beharrekoaren kontzientzia ote du edo estu ibiliko da Manu Cababas eta Fina Lizeranzu Iñigoren gurasoak hedabideetan ikusten dituen bakoitzean?
Irudika daitezke gertueneko agintariak ertzainen artean lasaitasuna hedatu nahian: “Gertatzen direnak dira”, “Istripu bat izan zen”... Haien agintariek hori saltzen dute bederen. Gervasio Gabilondo Ertzaintzako zuzendaria (Europa Press, 2013ko apirila): “Istripu bat izan da, hala izendatu behar dugula uste dut, istripu bat izan da inork ez zuelako sortu den mina eragiteko borondaterik”.
Baina hilabete horretan bertan, Gara egunkariak argitaratu zuen Ugarteko Ertzaintzaren Deustuko komisaldegiko buruak Cabacas zauritu zuen erasoan parte hartu zuen ertzain taldeari emandako agindua. Elkarrizketan entzuten denez, operatiboan parte hartu zuten ertzainen buruek hiru aldiz jakinarazi zioten Ugartekori Athleticeko zaleen artean lasaitasuna zegoela une hartan, egoera kontrolatua zegoela. Honek, aldiz, tinko erantzun zien: “Aginduak errepikatuko dizkizut argi gera daitezen (…) Sartu kalexkan daukagun guztiarekin, sartu Herrikoan (…) Eta orduan egongo da egoera kontrolpean”. Aginduon emaitza ezaguna da: tabernako kanpoko barran zerbait hartzen lasai zegoen Iñigo Cabacas gazteari burua lehertu zion gomazko pilota batek.
"Aginduak errepikatuko dizkizut argi gera daitezen (...) Sartu kalexkan daukagun guztiarekin, sartu Herrikoan (...) Eta orduan egongo da egoera kontrolpean"
Dena ikertu eta argituko zela agindu zuen egun haietan Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Rodolfo Aresek. Ez zuen esan noiz; ezin zuen, jakina, hori ez baitago bere esku, baina bere esku zegoen ikerketa ahalik eta tinkotasun handienarekin bideratzea, pilota hura bota zuen ertzaina nor zen jakiteko. Lau urte hauetan Cabacasen gurasoek etengabe salatu dute ikerketak izan dituen oztopoak. Denbora luzea bera ere argigarria da: ertzain talde bat –batzuk borraz, besteak pilota jaurtigailuz–, agintari zehatzak, gertaera eta ondorio argiak... Hain gaitza ote da epaiketara iristea? Hala dirudi, baina ez da ezohikoa, poliziaren partehartzeen ondorioz izandako hilketa guztiek hori adierazten dute.
Grabaketak urtebetera eman ziren ezagutzera eta horren ondoren Barne Sailak Ugarteko eta beste lau ertzain bere postuetatik kendu zituen. Baina txanponak badu bere ifrentzua: Jorge Aldekoa zen Bilboko komisaldegiko burua eta egun hartan zerbitzuan zegoen; 2014an Ertzaintzako buru izendatu zuten.
Ez da nahikoa, ordea. Ugarteko izeneko polizia buruak Iñigo Cabacasen familiaren izenean akusazio partikularra daraman Jone Goirizelaia abokatua eta Gara egunkaria auzitegietara eraman ditu. Bere ustez grabaketa horien erabilera eta bere izena modu desegokian erabili eta zabaldu dira, eta kalteordain gisa 777.000 euro eskatzen dizkie abokatuari eta egunkariari. Prozedura epaileen esku dago oraindik.
Ertzaintzako agintariek diotenez, Cabacasen heriotza ekarri zuen karga haren ondoren Ertzaintzak ez du gomazko pilota gehiago erabili. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik bere erabilera guztiz debekatu. EH Bilduk gomazko piloten erabilera espreski debekatzea eskatu zuen 2015ean Eusko Legebiltzarrean, baina honek ez zuen onartu; piloten erabilera erabat murriztea eskatu zuten gainerako taldeek, eta hori onartu zen.
Nafarroako Gobernuan, ordea, gobernu akordioak gomazko piloten erabilera debekatu du; agindua 2017an sartuko da indarrean, foru poliziak material berria eskuratu ondoren. Espainiako Polizia Nazionalak, aldiz, ohikoan gainean eramaten ditu pilota jaurtigailuak Iruñean manifestazioak zaintzen dituenean.
Jone Goirizelaiak iaz sasoi honetan jakinarazi zuenez, ikerketaren arabera dagoeneko bada nahiko material tiro egin zuen ertzaina identifikatzeko. Baina, bistan denez, honek norbaiten aginduak jarraitu zituen. Epaiketa, lehenago edo geroago egin beharko da, beste kontu bat da justiziarik egingo den. Auziaren orain arteko ibilbidea ikusita zalantza da nagusi.