Familiak eskatzen du ertzainak berriz deklaratzera deitzeko, agenteek “nork gehiagok tiro egin zuen” bazekitela publikoki adierazi ostean. Ana Torres EAEANko epaileak familiaren eskakizunei ezezkoa ematea erabaki ondoren, haiek Bizkaiko Auzitegian errekurtsoa jarri zuten.
Torres epaileak ekainean sei hilabeteko luzapena agindu zuen helegitea argitzeko. Luzapeneko sei hilabeteetatik bost igaro dira eta errekurtsoak ez du erantzunik jaso. Familiak denbora honetan ezer egin ez dela salatu du.
Jaso duten informazioaren arabera errekurtsoaren aurkako erantzuna ziurtatua dutela adierazi zuen familiak azaroaren 7an eginiko elkarretaratzean. Beldur dira, kasua ixtearen aurrerapena izan daitekeelakoan. Horren aurrean dei egin die Justizia Administrazioari eta Eusko Jaurlaritzari “beste era bateko interesak albo batera utzi eta justizia egiteko”.
"Ez dugu ulertzen XXI. mendean poliziak Athleticen partidu batean pertsona bat hil eta nola ez den ikertu nahi", salatu zuen Iñigo Cabacasen aitak.
Halere, errekurtsoaren ezeztapena jasotzeak ez luke derrigorrean kasuaren itxiera ekarriko. Hainbat inputaturen aurka dauden frogekin epaiketara joateko aukera dago. Familiaren iritziz, ordea, poliziak berriz deklaratzea froga oso garrantzitsua da gertaturikoa argitu eta arduradun nagusiak ikertzeko, bereziki karga poliziala agindu zuena.