Bilbo, 1511ko ekainaren 22a. Joana Gaztelakoak –Joana Eroa ezizenez ezagunak– Kontsulatua abian jartzeko erregalia eman zion hiriari. Ordura arte, artilearen merkataritza kontrolatzen zuen Burgosko Kontsulatuak Bizkaiko golkoko portuen arteko lehia estua sustatu zuen. Baina handik aurrera, Bilboko itsasadarrean bertakoek hartuko zituzten erabakiak. Kontsulatu berria itsasadarrarekin, nasekin, dragatzeekin... zerikusia zuten gaiez arduratuko zen. Bertako merkatari, ontzi-jabe edota olagizonek zainduko, berrituko eta hobetuko zuten itsasadarra, eta portu naturalaren merkataritza jarduera bultzatuko zuten horrela.