"Gutxiengo baten mesedetan aritzeari utzi eta herritarrak babesteko garaia da"

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre/ARGIA 2017ko eka. 14a, 12:00

Argazkia: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformari erantzunez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Donostiako eta Bilboko egoitzen aurrean. Erabiltzaileek hartu dute hitza.

Vicky Molina, Lanbidek Kaltetuak plataformako kideak adierazpen hauek egin ditu: "Ikusten dugu Artolazabal andereak zer irizpideri eutsi nahi dion eta ez dugu hauekin bat egiten. Uste dugu andre hau ez dela euskal hiriburuan bizi, bere soldata 7.500 eurokoa da hilean, pagak gehituta, eta esaten du pertsona bat 600 eurorekin bizi daitekeela, alokairuaren prezioa hori baino handiagoa denean". Jarraian, aldarrikapen hau egin du:

Mikel Urdangarin Ernai gazte antolakundeko kideak hau adierazi du: "Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan egin nahi duten murrizketak gazteoi ere eragiten digu zuzenean. Edozein enplegu onartzea edonolako baldintzetan, langabezia, ezkutuko lanak edo atzerrira joatea da gazteoi eskaintzen diguten bakarra. Gazte batzuek bizitza duina bermatzeko ezinbesteko dute prestazio sozialetara jotzea, tartean DSBEra. Lehendik ere ez du behar bezalako babesik eskaintzen, adibidez, gurasoen etxean bizi diren gazteek ezin dute DSBE jaso, gurasoen etxez kanpo gutxienez 2 urtez erroldatuta egon behar dute. Babes hori zabaldu beharrean, murriztu egin nahi dute, Marotoren politika desastrosoei jarraituz. Batetik, 2007ko %7ko murrizketei jarraipena eman nahi diete eta gainera etxebizitza bakoitzean DSBE bakarra jasotzea planteatzen dute. Bistakoa da horrek gazte etxebizitzei zer nolako kaltea ekarriko dien". Mezu bakoirrarekin amaitu du: "Ez da etsitzeko garaia, eskubideak ez dira pribilegio, eskubideak bermatu egin behar dira. Gure nahi eta beharrei erantzungo dien estatu eredu bat eraikitzeko garaia da eta horren bidean babes sozialerako sistema publiko probio eta kalitatezkoa eraiki behar da. Babes soziala zabaldu egin behar da murriztu beharrean. Gutxiengo pribilegiatu baten mesedetan aritzeari utzi eta herritarrak babesteko garaia da".

 
Mikel Esnaola Eskubide Sozialen Kartako eta LABeko kideak zera nabarmendu du: "Erreforma horiei eta murrizketei ezezko biribila ematen diegu eta horren aurrean aldarrikatzen dugu babes sozialerako sistema publiko propio bat, beste oinarri batzuen gainean eraikitakoa".
 
 

Bilboko elkarretaratzea. Argazkia: @ESKsindikatua
 

Hurrengo mobilizazioak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak beste bi mobilizazio deitu ditu "RGI pobreziarik ez" aldarrikatzeko: Ekainaren 22 goizean Bilbon, mugimendu feministak hartuko du ahotsa. Eta ekainaren 29 goizean Donostian, Bilbon eta Gasteizen, langileek hartuko dute ahotsa.

 

 

Iturria: ARGIA.eus/@eeizagirre