Turismoaren onurak eta doaiak letra lodiz azpimarratzen dituzten artikuluez josita daude hemerotekak. Ez du faltan izan bozeramaile, ordezkari eta defendatzailerik. Baina zerbait ari da aldatzen, eta azkar aldatu ere. Gero eta gehiagoren begietan utzi dio “turismoa”-k hitz zuri, aratz eta atsegin izateari. Nor ez da izutu Gaztelugatxeko ilara amaigabeak ikusita? Nork ez du etxebizitzen prezioaren gorakada dela-eta bere bizilekua utzi behar izan duen lagun edo seniderik? Kezka zabaldu da auzo-elkarte eta asanbladetan; idatzi dira erreportaje eta iritzi-artikuluak; han eta hemen hasi dira ekintzak antolatzen; eta orain gutxi hiriek “mundu mailako erreferentzia turistiko” izan behar zutela aldarrikatzen zuten politikariek ere, diskurtsoa leundu eta “jasangarritasuna” hartu behar izan dute ahotan. Lehen mugimenduak besterik ez dira, askok berandu ikusi dugun olatu erraldoiari iskin egiteko. Edo behintzat, eusteko, nolabait, ito gabe.