Emakumeen segurtasuna handitzeko, gauean geltokien artean jaisteko aukera emango du Bilbobusek

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko urt. 18a, 12:00

Bilbobusak

Urtarrilaren 25ean Bilbobusek onartuko duen araudi berrian txertatuko dute neurria. EH Bilduk proposatu eta udal gobernuak onartu du.

Bilbo ez da aurreneko hiria izango neurri hau martxan jartzen. Aurrez beste hiri batzuetan martxan dago sistema hau, Donostian besteak beste. EH Bilduko Bruno Zubizarreta zinegotziaren esanetan “harrera ona” izan du neurriak eta horregatik proposatu dute.

Neurriaren helburua emakumeei segurtasun handiagoa ematea da. Bidaiariak “helmugatik gertuago” geratuko dira, “erasoen aukera murriztuz”. Geltokira heldu aurretik geratzeko aukera izango baitu autobusak, erabiltzailea egokien datorkion lekuan utziz.

Udalbatzak jakinarazi du, neurria, urtarrilaren 25ean onartuko duten Bilbobusen araudi berrian txertatuko dutela, nahiz eta oraindik ez dakiten noiz aplikatuko duten. “Erdibideko geltoki” gisa izendatu dute proposamena.