Udalak “behin eta berriz” bizkarra eman dietela salatu dute plataformatik, beste proiektu batzuek lehentasuna duten bitartean, Errekaldeko pasabidearen auzia jada mende erdiz luzatu dela gogorarazita. Manifestazioa egingo dute apirilaren 28an autopista euren auzotik kentzeko eskatuz.
Liburu bat argitaratu dute borrokaren 50. Urteurrena dela eta. Urte guzti horietan Udalak gaiarekiko izan duen utzikeria argia izan dela adierazi dute plataformako kideek. Herriko ordezkariekin izandako azken hartu-emana martxoaren 21ean izan zen. Autopista Kanpora plataformako kideek mozio bat aurkeztu zuten Bilboko Osoko Bilkuran.
Agintean dauden alderdiek, (EAJ – PSE-EE) emendakin batekin erantzun zien bizilagunen eskaerari eta ezerezean utzi zuten proposamena. “Ez dute konpromisorik hartu nahi eta beraien esanetan 2021 urte arte itxaron beharko dugu zerbait egiten has daitezen”. Itxaron ordez, lanean jarraituko dutela iragarri dute eta autobidea euren bizitzetatik kanporatzea lortu arte.
Errekalde auzoa bitan banatzen du A-8 autobideak. Auzoa bi aldetan bereizteaz gain, egunerokotasunean ibilgailuen joan etorriak duen eragina “izugarria” dela adierazi du Arrate Lopez Markina Autopista Kanpora plataformako kideak. “Istripuak noiz nahi gertatzen dira eta gu behean gaudenez, zerbait eroriko denaren beldurrez bizi gara”.
Haurren parkea zubiaren azpian dago, umeentzat nahiz gurasoentzat suposatzen duen arrisku guztiarekin. “Zaratarentzat jartzen diren panel handi horiek erori izan dira, baita kono eta errepidea erregulatzeko tresnak ere. Egunen batean zerbait gertatuko da eta orduan ohartuko dira gure egoeraz”.