Hiru hilabete Bilboko Portutik armak Saudi Arabiara garraiatu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko eka. 6a, 09:36

Ecuador Etxearen argazkia

Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduko kide batek Radio Bilbaori jakinarazi dionez, dagoeneko hiru hilabete dira Saudi Arabiako itsasontziak ez direla Bilboko Portuan sartu. Aurreko hamasei hilabeteetan 455 kontenedore kargatu zituzten. Kolektiboaren ustez, mobilizazio sozialak beste portu batera mugiarazi ditu.

Bilboko Portutik Saudi Arabiara lehergaiz eta gudarako materialez beteriko kontenedoreak bidaltzen direla salatzen ari dira Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugimendu Feminista eta Greenpeace gisako eragileak.

Trafiko honen arduradun egiten dute Bahri izeneko itsasontzia, eta adierazi dutenez, orain arte hilean behin jasotzen zuen kargamentua.

Beren kalkuluen arabera, Ignacio Robles suhiltzaileak kargamentua igotzeari uko egin zionetik urte eta erdi igaro dira, eta denbora tarte honetan 455 kontenedore eraman dituzte Ekialde Hurbileko herrialde horretara. Hala ere, esan bezala, azken hiru hilabeteetan ez dela bidalketarik egin uste dute, eta hori horrela bada, "presio sozialagatik" izan dela.

Gaiari jarraipen zorrotza egingo diotela jakinarazi dute, baita Europa mailako mugimendu bat artikulatzeko saiakera ere, armen salmentaren aurka egiteko. Helburua, "negozio eredu hau kanporatuko duen masa sozial kritikoa eraikitzea" dela adierazi dute.