Domenico Guarini: "Migratzaile hauek ez dira hil, erahil dituzte"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko uzt. 18a, 09:24

Palermoko Rotoli hilerria bisitatu zuen hilaren 17an Mugak Zabalduz Karabanak. Bertan, Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileen memoria gorde gura dute Siziliako hiriburuko hainbat elkartek. Ekitaldi xume batean, 2015eko abuztuaren 5ean naufragio batean hildako 57 pertsona omendu ditu Karabanako ordezkaritza txiki batek.

Goizeko 08:00ak aldera abiatu zen Mugak Zabalduz Karabanako 50 pertsona inguruko ordezkaritza Rotoli hilerrira. Azken urteotan hildako 120 pertsona migratzaile hilobiratu dituzte kanposantu horretan. Gehienei txoko ezberdinetan eman diete lurra, 2015eko abuztuaren 5ean Mediterraneo itsasoan hondoratutako ontzi batean hildako 57 gizon-emakumeen kasuan izan ezik. Horiek denak lursail berean hilobiratu dituzte, eta leku hori aukeratu du Karabanak hildako migratzaile denei omenaldia egiteko. Domenico Guarino misioilari comboniarra eta Palermoko Forum Antiarrazistako komunikazio-koordinatzaileak azaldu zuenez, ezinezkoa egin zitzaien horien denen identitatea ziurtatzea, eta horregatik hilobi gehienetan ez daude zendutako pertsonen izen-abizenak; horren ordez, naufragioaren data eta zenbaki bat baino ez dira agertzen.

Guarinok aipatu zuenez, “hildako pertsona migratzaile horientzat denentzat heriotza aldez aurretik heldu zaie. Hori dela eta, ondo dakigu erahil dituztela, salba zitezkeelako. Hilketa horiek gure sistemaren porrota agerian uzten dute eta funtzionatzen ez duen sistema batean bizi garela azaleratzen dute. Aldatzeko beharra dago, hala jarraituz gero, heriotz gehiago egongo direlako”.

Hildako pertsona migratzaileei omenaldia

2015eko abuztuaren 5ean Mediterraneoan jazotako naufragio batean hildako 57 pertsona migratzaileei lurra eman dieten txokoa aukeratu zuten atzo omenaldia egiteko lekua. Mugak Zabalduz Karabanak testu bat irakurri zuen (irakurri beherago testu osoa) eta jarraian, aurresku bat dantzatu zuten, txistuaren doinuei jarraiki. Azkenik, bertaratutako denek lore bana eskaini zieten hildako migratzaile horiei denei, isil-isilean. Domenico Guarinik isiltasunaren indarra azpimarratu zuen: “Hau ez da oihu egiteko lekua, baizik eta isiltasunean ibiltzekoa. Baina isiltasun hori oihutik jaio behar da. Ez dugu minduta bizi gura, gure borrokak indartu behar ditugu eta oihuka atera behar gara kaleetara”.

Gurtzarako lekua

Domenico Guarinik azaldu zuen gizon-emakume migratzaile horiek hilobiratzearen kontua ez daukala zerikusirik erlijioagaz, baizik eta pertsona horien hilotzak zaintzeko beharragaz: “Gurtze-leku bat da hau”.

Lurperatutakoen lekuan ez dira gurutzeak ageri, ezta bestelako ikurrik ere. Pertsona horien identitate erlijiosoa mantendu gura izan dute modu horretara. Era berean, Guarinik gogoratu zuen urtero omenaldiak egiten dituztela, azaroaren 2an. Horietan, erlijio ezberdinetako ordezkariak hurbiltzen dira Rotoli hilerrira, siniskera denak egon daitezen. “Pertsona bakoitzaren duintasuna eta siniskerak mantendu gura ditugu”, azaldu du misioilari comboniarra.

Mugak Zabalduz Karabanak omenaldian irakurritako testua:

Gero eta larriagoa da Europar Batasunean eta bere 28 estatu kideetan giza eskubideen urraketa.

Hortxe ditugu, esaterako, Segen gazte eritrearra, goseak hila, 24 urterekin deshidrataturik eta desnutrizioak jota iritsi baitzen Siziliara, Libiako atxiloketa-gune batean 19 hilabete eman ondoren. Edo Soumayle Sacko, Maliko 29 urteko sindikalista, Calabrian tiroz hila. Edo Mame Mbaye, 35 urteko mantero eta ekintzailea, Senegalen jaioa, Espainian paperik gabe 12 urte zeramatzana, bihotzekoak jota hil baitzen Madrilgo kaleetan poliziaren jazarpen baten ondotik. Edo Belgikan poliziak tiroz hildako Mawda Shawri neskatxa kurdua, bi urte besterik ez zituela. Bakarrik hil zen ospitale batean. Haren familia migratzaileen atxiloketa-gune batean sartu zuten.

Edo 2017ko abuztutik 2018ko apirilera arte Frantzia eta Italiaren arteko muga trenez edo “heriotzaren pasabidea” izenez ezaguna den mendiarteko bide arriskutsutik pasatzen saiatuz hildako gutxienez 12 pertsona

Adierazi nahi dugu Europako kanpo-politikak salbuespen-egoera bat ari direla sortzen nazioarteak kontsakratutako giza eskubideei dagokienez. Giza eskubideen babes-estandarren murrizketa izugarri eta lotsagarri honen ondorioz, sistematikoki urratzen dira nazio eta nazioarte mailako arauak migratzaileen eskubide oinarrizkoenak babesteari dagokionez. Mediterraneoa, hobi komun bihurtua, edo Libian burutzen den migratzaile-salerosketa ditugu errealitate horren adibiderik krudelenak. Gainera, erruz eta etengabe ari da hazten mugetako segurtasun eta kontrolerako gastua, eta hala ari da sortzen “mugetako negozioa” alor horretako lizitazio publiko gehienak eskuratzen dituzten enpresa gutxi batzuen onurarako.

Europa ez da inola ere helmuga nagusia errefuxiatu eta migratzaileentzat. Gehienek beren eskualdean bertan bilatzen dute babesa edo aukera. ACNUR-en datuen arabera, errefuxiatu gehien hartzen dituzten herrialde nagusiak ez daude Europan.

Pertsona migratzaileei dagokien protagonismoa nabarmendu nahi dugu, ezaxolagabekeriarekin apurtu eta elkarte, lurralde, herrialde, komunitate eta nazioen arteko elkartasun sareak indartu

Europako gorbernuei hau galdegiten diegu: baztertu ditzatela kapitalaren eta gutxi batzuen intereserako diren politika eta aurrera eraman ditzatela bizitza eta bizitzaren zein planetaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duten politikak.

Eskatzen dugu migrazio prozesuan dauden pertsonentzako bide seguru eta legezkoak egokitu ditzatela, ziurtatuak izan daitezela dagozkien eskudideak eta neurriak har ditzatela explotazioa, gehiegikeria, biolentzia, salerosketa eta trafikoa sahiesteko.