Txio hari baten bidez kontatu du Zarragak gertatutakoa. Azaldu duenez, Bilboko jai gunean trafikoa murriztuta zegoen baina konpartsetako kideek badute agiri bat, zirkulatzen uzten diena. Hura baliatuz udaletxerantz joateko zebrabidetik pasatzean, ordea, udaltzain batek gelditu egin zuen astelehen honetan.
Beheko txioan hasi zen kontatzen ondoren gertatutakoa.
Bilboko 1052. Udaltzainak bi isun jarri dizkit txosnagunetik irtetean! Trafikoa murriztuta dago jai gunean, baina konpartsakideok badugu agiri bat zirkulatzeko. Zebrabidetik pasa naiz udalerantz joateko eta 1052k gelditu egin nau. Euskaraz aritzeko eskatu eta...
— Arkaitz Zarraga (@azarramendi) 2018(e)ko abuztuaren 27(a)
“Euskaraz aritzeko eskatu eta bere jarrera aldatu egin da!”, esplikatu zuen Zarragak. Administrazioak euskaraz hitz egin diezaiola nahi duela esan ondoren, agenteak esan zion “bere eskubideak ondo ezagutzen dituela”.
Zarragak ez zuen etsi: agenteak herritarraren eskubideak errespetatu behar dituela gogorarazi zion. Erantzuna: “Paperak, karnetak, aseguruaren ordainagiria niri eta errefortzuak irratitik eskatu ditu”.
Beste agente bat agertu zen orduan, euskalduna bera. “Autoa aparkatzeko esan dizu”, azaldu zion. Zarragak agentea ezagutu ordea, ikaskide izandakoak ziren, euskaltzalearen arabera: “Soziolinguistikaz ere aritzen ginen klasean eta eskubiderik ez zegoela esan diot! Lotsatu egin da!”.
Horrek ez zuen udaltzaingoarekin izandako hartu-emanaren ondorioa aldatu ordea: bi isun jarri dizkiote Zarragari: “Bata zirkulazioari lotutakoa. Bestea agenteekiko errespetu faltagatik! Ni naiz kriminala berriro ere. Bere eskubideak nireen gainetik. Inpotentzia, amorrua eta kontatzeko beharra ezin kabituta itzuli naiz desmuntaiatik!”.
Isuna jaso duen euskaltzale honen ustez, Bilboko Udalean Euskararen Ordenantzarik ez izateak eragiten ditu euskaldunentzat mota honetako babesgabetasun egoerak.
Gertakariak salatzeko publikatutako txioak asko zabaltzen ari dira astelehenetik Twitterren eta hainbat elkartasun mezu jaso ditu.