Feministon Herria, Euskal Herri feminista baten ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko urr. 5a, 11:24

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak publiko egin du Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketan egingo den Feministon Herria eguneko egitaraua.

Bi urtean behin egiten dira Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketak, eta aurtengoan Bilbon hartuko dute tokia han eta hemengo emakumeek*. ‘Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!’ lemapean, urriaren 22tik 28ra arte iraungo du topaketak.

Topaketetan munduko txoko ugaritatik etorritako emakumeek* parte-hartuko dute, eta 23tik 26ra nazioarteko delegaritzetako ordezkarien arteko bilera itxiak egingo dira. Halabaina, Euskal Herriko mugimendu feministarentzat aste osoko egitarau paraleloa osatu dute. Egitarau horretatik, bi ekimen azpimarratu dituzte antolatzaileek: bata, urriaren 22an nazioartetik etorriko diren emakumeei* Bizkaia Aretoan egingo zaien Harrera Ekitaldia, 18:00etan hasiko dena; eta bestea, urriaren 27an egingo den Feministon Herria.

Feministon Herria

Bilboko Areatza Feministon Herria bilakatuko dute urriaren 27ko egunez, eta egitarauak ostiral osoa hartuko du. 10:00etan egingo den gosariak emango dio hasiera egunari, eta hainbat ekintzak beteko dute eguna: Emakumeen Mundu Martxako kideekin solasaldia, “Feministon bakea eraikitzen” mahaingurua, performancea, bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak osatzen dute egun horretako kartela.

Feministon Herriarekin, Euskal Herriko mugimendu feministak martxan dituen alternatibak bistarazi nahi dituzte. “Nolako herri feminista nahi dugun erakutsiko diogu munduari”, adierazi dute antolatzaileek.