Alfredo Remirezi ordu gutxi batzuk gelditzen zaizkio Zaballako (Araba) espetxetik irteteko. Herriko festetan euskal presoek jasaten duten dispertsioa panpin baten bidez salatzeagatik, “terrorismoa goratzea” leporatu zioten. Azken asteetan baimen berezien bidez kalera irten den arren, larunbatean lortuko du erabateko askatasuna.
Remirez, Guardia Zibilak garatu zuen Araña Operazioan Euskal Herrian espetxeratu zuten lehenengo pertsona izan zen. Hasiera batean Basauriko espetxera eraman bazuten ere, Zaragozaraino dispertsatu zuten otsailean, etxetik 300 kilometrora. Hilabeteak geroago, Zaballako presondegira lekualdatu zuten.
Otsailaren 11tik herrikide duen Julen Ibarrolarekin egon da kartzelan. Ibarrolari Auzitegi Nazionalak espetxean sartzeko hamar eguneko epea eman zion, duela hiru urte errotulagailuarekin egindako pintada bategatik. Remirez dispertsatua izan zen arte ziega berean egon ziren.
Ongi etorri beroa
Remirezen itzulera ospatzeko jai egun berezia prestatu dute Amurrioko bizilagunek; argazki herrikoia, poteoa, bazkaria, kalejira eta kontzertuak antolatu dira egun osoa beteko duen egitarau zabalean.
Horrez gain, Bilbora igandean etorriko da. Bilbo Zaharreko plazan, bere auzoan alegia, igandeko 13:00etan harrera egingo diote.