Ez zen nolanahiko larunbata izan Bilbon. Euskara eta euskal kultura inoiz baino gehiago sumatzen zen kale bazterretan. Miribillan genuen lehen hitzordua: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finala jokatzen zen. Bertsolari gazteen bertsoaldi gozoekin gozatu ahal izan genuen, eta malkoren batek edo bestek ere ihes egin zigun Onintza Enbeitarekin. Dena dela, uste baino pauso azkarragoan ekin behar izan genion Kafe Antzokirako bideari, han baikenuen zain Ruper Ordorika eta bere lantaldea. Ez ginen, ziurrenik, bi ekitaldiak uztartu zituzten bakarrak izan. Hargatik beharbada, etorri zen ia ordu erdiko atzerapena; hamarretan hastekoa zen –edo Hamar t’erdietan diskoari keinua egin nahi zitzaion?–.