“Bakarrik bizi nintzen eta Mohacinekin lagunduta eta gustura sentitzen naiz, bakean. Nire adineko jende asko bakardadeaz kexatzen da; bada, horrelako pertsona bat hartzeak bizitza erdia salba diezazuke, eta gainera premia duen pertsona bati laguntzen diozu”.
“Mohacinen azalean jarri nintzen, edozeini gerta dakiguke migratu behar izatea”
Radio Euskadin elkarrizketatu dituzte. 2017ko abuztuan Marokotik Espainiako Estatura ailegatu zen Mohacin, eta hortik Bilbora egin zuen bidea. Adin txikikoen zentroan zela, zentroko beste hiru lagunekin batera auzoko elikagai bankuan laguntzen hasi zen, eta bertan ezagutu zuen Mila, elikagai bankuko boluntarioa. Mohacinek zentroa utzi behar izan zuenean eta Milari laguntza eskatu zionean, honek hasieran zalantzak izan zituen, bat-bateko kontua izan zelako, “baina etxera ekartzeak baino beldur handiagoa eman zidan pentsatzeak kalean pasa behar zuela gaua. Nire seme-alaba batek beste herrialde batera bidaiatu beharko balu, norbaitek aterpea ematea gustatuko litzaidake. Azken finean, Mohacinen azalean jarri nintzen, edozeini gerta dakiguke migratu behar izatea, eta kasu horretan denoi gustatuko litzaiguke beste norbaitek harrera egitea”.
Etxea eta bizitza partekatzen, elkar zaintzen
Zazpi hilabete daramatzate elkarrekin, uztailetik. Etxeko lanekin bien artean moldatzen direla diote; gaztea ostalaritza ikasten ari da eta areto-futbolean entrenatzen du. Lana egitea eta ahalik eta gehien aurreztea du helburu, gurasoei dirua bidaltzeko. Arauak ere jarri dizkio pisukideak: ez drogarik ez mozkorkeriarik, eta gaueko 23:00etarako etxean, salbuespenak salbuespen.
Noiz arte? Mohacinek lan bat lortu eta independizatzeko aukera izan arte. Baina nabaria da ez daukatela presarik. “Bitartean, oso gustura gaude biak elkarrekin eta etxea eta bizitza partekatzen jarraituko dugu”.