Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari bergararrak 5 minutuko lana. 12 zuzendarik abiatutako Gure oroitzapenak film kolektiboaren piezetako bat da. Filma bere osotasunean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta labur bakoitzak bere ibilbidea hartu du ordutik aurrera.