Hari horren bueltan sortu eta itzali dira hamaika amets, eta hari tiraka iritsi da aldizkaria mendeurrenera, euskal kazetaritza konprometitu eta independentearen zerbitzura beste ehun urte betetzeko prest.
Euskal kulturak XIX. mendearen amaieran eta XX.eko hasieran izandako loratzearen baitan sortu zen Zeruko Argia hilabetekaria Iruñean, 1919an, fraide kaputxinoen eskutik. Aita Damaso Intza eta Aita Buenabentura izan ziren sortzaileak eta, Intzaren esanetan, bereziki azken honi esker, “setosoa baitzen”. Aita probintzialarengana joan zen Buenabentura: “Guk sor dezakegu 25 orrialdekoa hilabetero euskarazko abesti berri euskaldunak eman ditzakeena”. Halaxe kontatu zuen Damaso Intzak berak, adinez mendea betetzear, Iruñean 1986an Iñaki Caminok egindako elkarrizketan. 1918an sortu ziren, halaber, Eusko Ikaskuntza eta haren magalean, 1919an, Euskaltzaindia.
Erlijio aldizkaria zen, garai hartan euskararekin zerikusirik zuten gainerako argitalpen gehientsuenak legez eta 1936ra arte argitaratu zen hilero, euskal herritar guztiei zabaldua. Laizismoa indarrez ari zen Europa osoan eta prentsa kristau mezua herritarrei helarazteko modu bat zen. Ezin esan aldizkari hark eta egungo Argiak antzekotasun handirik zutenik, baina osagai garrantzitsua partekatzen zuten: mundua euskararen bidez ikusi eta kontatzea.