Harro! Euskal Herrietako Transmaribibollo plataforma beharrizan jakin batzuetatik jaio da: esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko, eta elkar sostengatu eta koordinatzeko beharretik, zehazki. Azaldu dutenez, faxismoaren gorakada eta pinkwashingaren erabilera tarteko, LGBTI kolektiboa erasoak pairatzen ari da etengabe. Hala bada, egoera horren aurrean “erantzun material bat emateko beharretik sortzen da Harro!”.
“Mugimenduaren sustrai erradikal eta antikapitalistei gainjarriz, bizi dugun kapitalismo ase ezin honek iraultzaileena ere irensten du, eta pinkwashingaren bitartez LGTB mugimendua erabiltzen ari da progresista plantak egiteko”, salatu dute. Honen adibide gisa jarri dute Ortzadar eta EAJren artean antolatutako BilbaoPride, “zeinak tolerantzia eta irekitasun irudi baten atzean, jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen duen”, gay-friendly turismoaz auzoak gentrifikatuz eta prekarizatuz.
Nazioartera begiratuz gero ere adibiderik ez da falta: “Adibideotako bat da Israelgo estatu genozida. Palestinako lurraldeen aurkako apartheid politika pinkwashingaren bitartez ezkutatzen du: jomuga turistiko liberal eta gay-friendlya da, eta pasa den urtean Eurovision lehiaketa irabazi ostean —Gazan bonbak jaurtitzen zituen bitartean—, aurten zuriketa musikala dauka primetimean".
Faxismoaren gorakada ere izan dute hizpide: “Azken urteetan ikusi denez, kapitalismoa lur ongarritua izaten ari da faxismoarentzat”. Maila instituzional eta politikoan, zein norbanakoen partetik ematen ari diren gorroto delituak faxismoaren gorakada horren adierazletzat jo dituzte, eta azpimarratu ondorio larriak dituztela jomugaren lehen lerroan daudenentzat, LGBTI kolektiboak kasu.