Isuna jarri diete Bilboko Gazte Sare Feministako zortzi kideri, Udaletxeko zubian egindako ekintzagatik

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko ots. 12a, 17:48

Abuztuan Bilboko Udaletxeko zubian ekintza burutu zuen sareak, eta zortzi kide zigortu dituzte, Mozal Legea aplikatuz. Kanpaina abiatuko dute isunei aurre egiteko.

Bilboko Gazte Sare Feministak agerraldia egin du asteazkenean, 2019ko abuztuaren 15ean egindako ekintzaren inguruko berriak publiko egiteko: gabonekin batera isunak heldu zitzaizkien zortzi kideri, “eta ez preseski Mari Domingiren eskutik”, ironiaz azpimarratu dutenez.

Bilboko Udaletxeko zubian gauzatu zuten ekintza, eta sareko bi kide bertatik zintzilikatu ziren. Azaldu dutenez, hainbat kontuk bultzatuta burutu zuten ekintza: gertatu berri zen talde bortxaketa salatu eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa helarazi nahi zioten; eraso horren harira Ertzaintzak fokua emakumeengan jarri izana –eta ez gauzak errotik aldatzeko neurriak hartzeko beharrean– ere salatu nahi zuten; eta horrez gain, eraso bakan bat ere ez zutela onartuko aldarrikatzeko beharra zeukaten.  

Ekintza gauzatu bitartean zubira gerturatutako ertzainek jarrera desegokia izan zutela azpimarratu dute: “Besteak beste, zubitik zintzilikatuta zeuden bi emakumeak eusten zituen sokaren azpitik jendeari pasatzen utzi zioten, Bilboko Gazte Sare Feministako kideek arriskutsua zela ohartarazita ere; gainera, bi emakume hauetako bat zubira berriro igotzean, laguntzera eta egoera lasaitzera gerturatu zen kide baten aurka oldartu ziren”. Horrez gain, gehitu dute lekuz kanpo zeuden iruzkinak ere egin zizkietela, “hurrena La Salveko zubitik, dibertigarriagoa izango da eta” kasu.

Giro horretan eman zuten bukatutzat ekintza, hogei bat identifikatu eta zortzi inputatu tarteko. Lau hilabeteren buruan isunak heldu zitzaizkien zortzi pertsonari. “Bide penaletik eramaten saiatu ziren arren, ez da delitu juridikorik ikusi, beraz, isuna administratiboa da”, azaldu dute. Hala ere, Mozal legea tarteko egonik, “politikoki zein juridikoki onartezina” iruditzen zaien isunaren aurrean aurkitzen direla adierazi dute; 6.500€ eskatzen diete guztira.

Kanpaina isunei aurre egiteko

 

Agerraldia itxi aurretik berriro ere egingo luketela azpimarratu dute: “Egiturazko biolentzia honen aurrean egunerokotasunean autodefentsa feministaz baliatzen garen bezala, erantzuna ekintza zuzenaren bitartez gauzatzea ere guztiz legitimoa dela pentsatzen jarraitzen dugu, eta horrela izango da egoera behetik gora aldatu arte”.