Koronabirusa Bilbon

Bilboko kale-saltzaile senegaldarrek erresistentzia kaxa jarri dute martxan

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko mar. 25a, 11:18

Koronabirusaren krisiak gogorren kolpatu dituenen artean daude migratzaileak, eta tartean dira Bilboko kale saltzaile senegaldarrak. Legeak oso baldintza gogorrak eskatzen dizkie lanean jarraitu eta etxebizitza-baimena mantendu ahal izateko, eta panorama berrian, kalean ezin saldu, are latzagoa bihurtu da bizi duten egoera. Erresistentzia kaxa jarri dute martxan, larrialdi honi aurre egin ahal izateko.

Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontea eman dute, nahi eta ahal duenak ekarpena egin dezan (ES67 2095 0005 1838 3074 5829), kontzeptuan "Apoyo Mbolo" jarrita. Bildutako dirua Bizkaiko manteroen artean banatuko dela zehaztu dute, alokairuak, hornidura eta mantenua ordaintzeko batetik, eta senideei laguntzeko bestetik.

"Jende langile eta borrokalaria gara eta gure eskubideak defendatzeko antolatu gara; dagoeneko hamar urte daramatzagu antolatuta. Orain, itxialdi bolada honek oso gogor eragiten digu, beste kolektibo prekarizatu eta baztertu askori gertatzen ari zaien gisan. Babesak lortzeko lanean ari gara"

 

Inor ez da ilegala

Bestalde, Bilboko manteroen elkarte Mbolo Moye Doolek gogoratu du ARGIArekin elkarlanean “Inor ez da ilegala” proiektua duela martxan: lelo hori daramaten kamiseta, jertse, poltso eta liburuak erosiz gero, bai Argia bai Mbolo laguntzen baitu erosleak. Argiaren Azokan erosketa egin dezakezu, baina itxialdia amaitutakoan egingo da bidalketa.