Koronabirusaren hedapenaren aurrean eta gobernuek ezarritako neurri indibidualisten oso bestelako logikaz, asko dira larrialdi egoerari kolektiboan eta elkartasuna oinarri hartuta erantzuteko hautua egin dutenak. Horren adierazle argienak dira tokian toki hedatzen ari diren elkartasun sareak. Bilbon ia auzo guztietan sortu dituzte sareak, baita azken urteetan, auzoko ehun sozialaren kaltetan, gentrifikazioak eta turistifikazioak gogorki kolpatutako Alde Zaharrean ere. Prozesu suntsitzaileak pairatu izan arren, auzotarren arteko elkartasun printzak desagertu ez direnaren erakusle dira aurki sortutako Alde Zaharreko Elkartasun Sarea eta berau bizilagunen partetik jasotzen ari den erantzuna. Elkartasun sareaz, beronen planteamenduez eta orain arte egindako bideaz mintzatu gara sareko kideekin.