Bizi baldintza geroz eta gordinagoek eta indibidualismoak ezaugarritzen duten jendartean, langileei beren eskubideak defendatzea zaila zaie sarri, eta sistema kapitalistari aurre egiteko ezintasun sentipena ohikoa izan ohi da. Horren aurrean, langileen autodefentsa antolatzea du xede Bilboko Langile Autodefentsa Sareak. Udazkenean eman zuen ezagutzera bere burua; hilabete gutxiren buruan martxa hartuta ari dira, koronabirusak azaleratutako krisiaren ondorioz hainbat lan gatazkaren berri izaten ari baitira.