Mobilizazioak Bilbon eta Gasteizen gerraren, militarismoaren eta patriarkatuaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko mai. 25a, 10:37

Irudia: Ecuador Etxea

Performanceak antolatu dituzte Armiarma eta Emakumeok Gerraren Aurka talde feminista antimilitaristek Gasteizen eta Bilbon, igande goizean. Dozenaka pertsona bildu da Gasteizko Andra Maria eta Bilboko Arriaga plazetan, Bakearen eta Armagabetzearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean.

Ohar bateratua irakurri dute bi kontzentrazioetan. “Kalera irteten gara emakumeek gerraren aurka egindako borroka eta lorpenak gogoratzeko eta gerrei eta horiek ahalbidetzen dituzten makinei (gure herrialdeko arma-industria hurbila, adibidez) aurre egiten jarraitzen duten milaka emakumeren lana baloratzeko”.

Bi talde feminista eta antimilitaristen esanetan, koronabirusaren krisiak bi gauza utzi ditu agerian. Batetik, “zein ahulak garen eta bizi garen gizarte-eredua birpentsatzeko premia atzeraezina dugula”; bestetik, “gizartearen militarizazioren arriskuaz ohartarazi gaitu, kaleetan eta komunikabideetan presentzia militarraren areagotzea ikusita”.

Gerra eta patriarkatua eskutik

Gerra eta indarkeria patriarkala lotu dituzte Gasteiz eta Bilboko ekimenetan, gerrak “indarkeriarekin eta armekin lotutako maskulinitatearen kontzeptuan” oinarritzen direla argudiatuz. Gatazka armatuen atzean nazioarteko botereak eta Mendebaldeko erakundeak daudela salatu dute, baina baita herri horietako “populazio zibilaren zati handi baten axolagabekeria” ere, gerrei “zeharka bada ere” onura ateratzen diona.

Gerrekin amaitzeko bidean hainbat aldarrikapen zehaztu dituzte deitzaileek, besteak beste, jendartea desmilitarizatzea, Euskal Herriko armagintza industria ekoizpen zibilerako birmoldatzea edo kontsumismoa mugatzea.