“Normaltasun berriari ez! Bizitza duinak denontzat” lelopean, mugimendu feministak mobilizazioa egingo du ostegunean Bilbon. Bilbo Feminista Saretzenek deitu duen manifestazioa Eliptika plazatik abiatuko da 20:00etan.
“Normaltasun berriaz hitz egiten digute, baina guk ez dugu normaltasunik nahi!”, adierazi dute deitzaileek, eta normaltasun berri horren aurrean hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte, ostegunean kalera aterako dituztenak. Aldarrikapenak ondokoa dira: pertsona ororentzat bizitza duina, zaintza sistema publiko-komunitarioa, etxeko langileen erregimen berezia ezabatzea, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arreta zerbitzuak indartzea, atzerritartasun legea indargabetzea, elikadura-subiranotasuna eta datorren krisia enpresa handiek eta dirudunek ordaintzea ahalbidetuko duen erreforma fiskala.