Ertzaintzak eta Udaltzaingoak uztailean Bilbon egindako eraso arrazista salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko ira. 16a, 09:37

Euskal Herriko Arrazakeriaren Aurkako Mugimenduak uztailaren 5ean jazotako abusu polizial kasu baten berri eman du. Erasoak zantzu arrazistak zituen. Poliziak emakume talde arrazializatu eta queer bati oldartu zitzaizkien.

Euskal Herriko Arrazakeriaren Aurkako Mugimenduak publiko egindako ohar baten bidez, uztailaren 5ean Bilboko San Frantzisko auzoan jazotako poliziaren abusu kasu baten berri eman dute. Azaldu dutenez, Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa, kalez jantzitako zenbait agente tarteko zirela, emakume talde arrazializatu eta queer bati oldartu zitzaizkien. Emakumeei “bortizki” eraso egin zietela salatu dute, gertakarien eragiletzat joaz “egoera politiko-sanitario honen aurrean segurtasun-kidegoei eman zaien boterea”.

Azaldu dutenez, agenteek “joan zure herrialdera, hona zatozte soilik gauzak aldrebestera” gisako irain arrazistak egin zizkieten erasotuei, baita “errekara jaurtiko zaituztet” bezalako mehatxuak ere. Hitzezko erasoez harago, borra kolpeak ere eman zizkietela zehaztu dute. Azpimarratu dutenez, orokorrean, neurrigabekeriaz aritu ziren poliziak.

Erasoa tarteko, pertsona bat buruan zauritu eta beste bi atxilotu egin zituzten autoritatearen aurka eraso egitea leporatuta. Beste bati autoritateari desobeditu izana leporatzen diote. Horrez gain, gaineratu dute Mozal Legea ahotan hartuta mehatxu egin zietela, esanez norbaitek gertakarien bideoak erabiliz gero, salatu egingo zutela.

Gertakariak ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren instituzioek horien aurrean erakutsitako eraginkortasunik eza ere salatu dute idatziaren bidez. “Ez bakarrik kasu honi erantzuteko, baizik eta giza eskubideen urraketa sistematikoari, miaketa umiliagarriei, arraza-profilaren ondoriozko geldialdi eta atxiloketei, zein areagotuz doan indarraren gehiegizko erabilera egiten duten ehunka kasuei erantzuteko”, gaineratu dute.

Gauzak horrela, astearte goizean elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren parean. Urriaren 5ean toki berean egingo dute bigarren elkarretaratze bat, erasoaren harira akusatutakoek orduan deklaratuko baitute.