Euri-lanbroak eta hotzak ezaugarritzen duten Bilbo grisean bada jamaikar doinuak eta giro tropikala zainetan daramanik. Hala da Andoni Fernández Azkarai, Beñat Gabiña Ñeko, Pablo Rodríguez García eta Maria Fernanda Hernández Valeraren kasuan. Pasio hitza hartu du ahotan lauetako batek inguruotan jamaikar eszena bultzatzeak eragiten diona deskribatzeko, eta sentimendua orokortua dela apustu egin daiteke lepoa galtzeko beldurrik gabe. Ikusi besterik ez dago zelako maite-garra darien bataren zein bestearen begiradei eta hitzei karibetar irlako kulturari buruz hitz egitean, eta bereziki kultura hori oinarri hartuta sortu duten Pantx Records kolektiboa zer den azaltzean.