Dekolonialitatea, anti-arrazakeria, ez dira bart mahaigaineratutako terminoak Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan; kontrara, eta orriotako hizlariek ñabartzen dutenez, bada denbora kide migratu eta arrazializatuek interpelazioak egiteari eta praktika dekolonialen beharra azpimarratzeari ekin ziotela. Zentzu horretan egindako lanketaren ondorio gisa ulertu behar da iazko azaroan Durangon burutu ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan dekolonialitatearen gaiari mahai zentrala eskaini izana. Arrazaren kategoria sozialak mugimendu feministan zein islada duen seinalatu zuten bertatik, eta aditutakoak inor gutxi utzi bazuen epel, giroan gorpuzten joandako deserosotasuna itogarri bilakatu zen mahai-inguru ostean jazotako eraso arrazistaren berri jakindakoan. Argi eta garbi, aurrera begirako etxeko lanen artean bazegoen bat bereziki mardula, baldin eta egiazki aniztasunari tokia egin nahi bazitzaion. “Elkarrekin ahal dugu, baina dekolonizatuta”, jarri zuten bidean aurrera egiteko baldintza mahai dekolonialetik.