Mezurik helarazi badigute ase arte azken hilabeteetan, izan da etxean geratzekoa. Alabaina, lau pareta artean ixteko agindu diguten arren, etxebizitza ez digute berme bilakatu. Martxoa aurretik ere etxebizitza geroz eta eskuragaitzago ari bazen bilakatzen, pandemiak larriagotu egin du arazoa: langabeziak gora egin du nabarmen, eta azken urteetan ikaragarri garestitutako alokairuen prezioak ez du beherako biderik hartu; alokairua ordaintzeko zailtasuna geroz eta etxe gehiagotan ari da ate-joka. Testuinguru horretan, eta datorren krisi ekonomikoan egoera are muturrekoagoa bilakatuko dela jakinik, konfinamenduaren bueltan etxebizitza sindikatuen eztanda jazo zen Euskal Herrian. Hilabeteetako ibilbidea egin duten honetan, zertan diren jakin nahi izan dugu.