Eusko Jaurlaritzak udalentzat urtero bideratzen dituen dirulaguntzetan, kontzeptu berri bat aurreikusi du aurten: ikastetxeetan karpak jartzea, pandemia garaiotan ahal den heinean kanpoaldea aprobetxatzeko. Kostuaren %90 finantzatuko du Jaurlaritzak, eta aukera baliatzen ari dira herri ugaritako udalak, baina Bilbokoak ez du onartu aterpea izateko hainbat eskolak adierazi duten beharra (Indautxuko eskola, Pagasarribide, Santutxuko Luis Briñas, Atxuriko ikastetxea, Deustuko ikastola, Juan Manuel Sanchez Marcos eskola…). Teknikoki ez dela bideragarria, patioan karpak jartzea arriskutsua izan daitekeela bestelako ekintza batzuentzat, eskaerak ez daudela pandemiaren beharrekin lotuta, Jaurlaritzaren dirulaguntzetara ezin dituela eskaerak bideratu… argudiatu dute Udaletik.
Umeen ongizatea jokoan
Oso kritiko agertu da oposizio politikoa: pandemia garaian ikastetxeak albo batera utzi izana eta “denari ezetz esan” baina alternatibarik ez aurkeztea leporatu diote udal gobernuari. “Aukera galdua da, pandemia ostean ere aterpe falta bera izango dutelako ikastetxe askok Bilbon. Dagoen beharra agerikoa da, baina garbi dago familien eta hezkuntza komunitatearen eskaerak ez direla Udal honen lehentasun. Umeen ongizatea dago jokoan”, adierazi digu BIGE Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzaile Reyes Lengaranek.